Herri barruan oinezkoei eta bizikletei lehentasuna eman nahi die Tolosako Udalak

tolosa 2011ko irailaren 21a

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin bat eginez, Tolosan ere 2011. urteko mugikortasun astea ospatuko dute. Besteak beste, herri barruan autoaren erabilera murriztu eta oinezkoei eta bizikletazaleei lehentasuna ematea da Tolosako Udalaren helburua.

Duela hamar urte sortu zen Europako Mugikortasun Iraunkorraren astea izeneko ekimena, eta Europako hainbat hiri eta herritan bezala, Tolosan ere sentsiblizazio kanpaina antolaten dute urtero. Gaur egun, «gehien kontsumitzen duen sektorea garraioa» dela azaldu dute udaleko arduradunek, eta ondorioz, gizarteak erregai fosilekiko duen menpekotasuna hazten dihoala. Horrela beraz, ibilgailu pribatuekin egiten diren bidaia kopuruak «etengabe handitzen» ari dira.

Tolosak, egunero ibigailu pribatuen eskutik jasotzen dituen 36.556 joan-etorrien aurrean, udalak gaur egungo ohiturak errotik aldatzea proposatu du.

Herritar guztien erronka

Tolosako Udalak motorrik gabeko mugikortasuna indartu nahi du besteak beste, bide honetatik «gaurko eta biharko tolosarren bizi kalitatea hobetzeko».

Oinezkoei eta bizikletazaleei lehentasuna emanez, eta garraio publikoaren erabilera sustatuz, ibilgailuen zirkulazioaz gain, beste hainbat arazo hobetuko direla nabarmendu dute udaleko arduradunek: espazio publikoaren eta aparkalekuen kudeatzea edo  udalerriko joan-etorriak, esaterako.

‘Tolosan bizikletaz’ liburuxka

Herritarrak mugikortasun iraunkorrera ohitzeko lana «urte guztia zeharrekoa» den arren, Tolosako Udalak aste berezi honetan, bizikletaren erabilera bultzatzea helburu duen Tolosan bizikletaz ekimena martxan jarri du.

itasmo honen oinarria, ikastetxeetan, dendetan, kiroldegian edo udaletxean eskuragarri izango den liburuxka bat izango da. Bertan, Bizikleta Bideen Sarea zer den azalduko zaie irakurleei, eta bizikleta egunero erabiltzeko ohitura bultzatuko diete.

Arduradunek diotenez, «Tolosan bertan egin beharreko desplazamenduetarako benetako alternatiba da bizikleta». Horrela beraz, liburuxka eskuratzen duenak, bizikletazaleentzako aholkuak irakurri ahal izango ditu, eta baita Tolosako Bizikleta Bideen Sare eguneratuaren mapa eskuratu ere, aparkalekuei, bizikletak konpontzeko tailerrei nahiz bidegorriei buruzko informazioarekin.

Bihar, autorik gabeko eguna

Mugikortasunaren Astearen barruan, autorik gabeko eguna ospatzen da bihar.Honen harira, datorren igandean bizikleta bira izango da bidegorrian barrena, eta Ikaztegietatik abiatuko dira, 11:00ak inguruan. Laskorain ikastolak, ikasle eta gurasoei deia egin die martxan parte hartzeko. Era berean, Samaniego ikastetxean, maila guztietako ikasleek ekimen berezietan parte hartuko dute (zirkuituak, triatloia...), autorik gabeko eguna dela eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!