Areto futbolean, eskualdeko talderik indartsuena bilakatu da Laskorain Ikastola. Iazko denboraldi borobilari esker, aurten Bigarren B Mailan jokatuko dute horitxoek. Liga urriaren 1ean hasiko da, eta maila berrira nola egokitu diren azaldu du Iker Telletxeak (Tolosa, 1974). Futbolari ohia, Laskorain Kirol Elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da, egun; aurten erabaki «gogorrak» hartu beharrean izan direla ere aipatu du.
Zer gertatu zen iazko denboraldi amaieran?
16 taldek osatzen genuen gure multzoa, Nazional B mailan. Aurreko urteetan bezala, txapelduna bakarrik igotzen zen. Denboraldia amaitu baino bi aste lehenago, ordea, dei bat jaso genuen, eta bigarrenak igoera kanporaketa bat jokatuko zuela esan ziguten. Bigarren amaitu genuenez, Ansoaingo Gazte Berriak taldearen aurka jokatu genuen kanporaketa.
Baina galdu egin zenuten.
Hori da, baina talde nafarrak uko egin zion igoerari, eta federaziotik guri eskaini ziguten postua. Guk onartzea erabaki genuen.
Izen aldaketak ere egon dira aurtengo denboraldian. Zein mailatan aurkitzen zarete orain?
Iaz, Nazional B Mailan jokatu genuen, eta Ibarrako Lauburu maila bat gorago zegoen, Nazional Mailan. Orain kategorien izenak aldatu dituzte, eta futbol handiaren eredua hartu dute. Lehen Hirugarren Mailan aurkitzen baldin baginen, orain Bigarren B Mailan aurkitzen gara.
Ibarrako Lauburuk non jokatuko du?
Aldaketa guzti hauekin maila galdu zuen Ibarrak, nahiz eta denboraldia zortzigarren amaitu. Aurten, beraz, Hirugarren Mailan jokatuko dute ibartarrek.
Ansoaindarrek arrazoi ekonomikoengatik egin al zioten uko maila igoerari?
Izan daiteke. Aurreko urtean ere igoera kanporaketa eurek irabazi zuten, baina igoerari uko egin zioten.
Aurrekontuan eragin handia al du maila igoera honek?
Zenbakiak begiratzen eta kontuak egiten ibili ondoren, sei mila euroko tartea ikusi dugu. Beste taldeek, duintasunez mailan ibiltzeko, 40.000 euroz hitz egiten dute. Gure kasuan, askoz diru gutxiagorekin urtea pasatzea espero dugu.
Zenbateko aurrekontuaz ari gara hizketan?
Laskorainen ez da lehen taldea bakarrik kontuan hartu behar. Iaz, 21-22 mila eurorekin osatu genuen, eta aurten 26 milarekin moldatzea espero dugu; baina oraindik ez dira zenbaki zehatzak.
Zuzendaritzako kideei, jokalariei... dirua jartzea tokatu zaizue.
Erabaki bat hartu beharra zegoen, eta gogorra izan da. Horrela ematen baldin badu ere, ez da igoerarekin lotutako erabaki bat izan. Azkenean, jokalariei kuota bat jartzea erabaki genuen.
Eta zuek ere berdin egin duzue.
Eredua eman nahi baldin bada, gugandik hasita egin behar izaten da. Horrez gain, diru iturri berriak aztertzen ibili gara, bonoak direla edo zozketak direla. Jokalariek jarri dutena berreskuratzea nahiko genuke, ahal den neurrian behintzat.
Taldearen izena aldatzea aztertu al duzue?
Hitz egin dugu gai horren inguruan, baina beti ere, babesle indartsuren bat sartzen baldin bazen. Aurrez, ordea, ikastolarekin hitz egin beharko zen; zer iruditzen zitzaien jakiteko. Hemezortzi urtetan babesa eman digun ikastola ezin da horrela bat-batean utzi, hau beti elkarlanean egindako gauza bat izan da. Orain arte, zentzu batean, ez gara maila oso profesionaletan ibili, baina gauza seriotzen joan da. Kirol arloan ere, lagun arteko kontu bat zirudiena mailaz igotzen joan da.
Lehen taldeko jokalariak aztertzen hasita, ba al dago aldaketarik?
Bi baja garrantzitsu izango ditugu aurten, azken bi kapitainek taldea utzi baitute: Andoni Saldiasek eta Unai Barriolak. Bestalde, berrikuntzen arloan, lau jokalari berri etorri dira taldera; Lauburutik Lander Camio eta Lohitzun Sanz, eta Tolosa CFetik Asier Etxeberria eta Xabi Diez. Azken hauek futbol handitik etorri dira, eta denbora bat beharko dute areto futbolera egokitzeko. Entrenatzaile postuan Jabi Mujikak jarraituko du, eta bere laguntzailea orain Aitor Garzia izango da, lehen bigarren taldearen entrenatzailea zena.
Guztira zenbat talde ditu Laskorainek?
Bost, aurten jubenilen talde bat aterako baita. Nagusiekin eta jubenilekin batera, bigarren taldea, kadeteena eta neskena daude.
Zeintzuk dira denboraldiko helburuak?
Nagusien helburua maila mantentzea izango litzateke. Bigarren taldeak, printzipioz, harrobi lanak egin beharko lituzke. Gazteek lehen taldera urratsa emateko prestatu beharko lukete. Neskak iaz txukun ibili ziren ligan, eta kopa irabazi zuten. Oro har, ez zaie irabaztea eskatzen, beste helburu batzuk bilatzen baitira.
Urratsa denen artean emango zenuten, ezta?
Erabakia zuzendaritzak hartu du, baina jokalarien oniritzia behar duzu horretarako; beraiek dira bidaiak eta sakrifizioak egingo dituztenak, baina horrelako aukera bat, agian, ez dute berriro edukiko. Ibarrarekin areto futbolean jokatzen nuenean, ezagutu nuen zer den hori; gogorra da, baina partidak jokatzerakoan sentitzen duzun ilusioa ez dizu inork kentzen.