Olasagasti txapeldunak baino 2 minutu eta 35 segundo gehiagorekin, Joseba Otaegi zizurkildarrak bigarren postua lortu zuen Bedaion ospatutako Maila Nagusiko Gipuzkoako Aizkolari Txapelketan; Ibarrako Jexuxmari Mujikak, berriz, laugarren postua eskuratu zuen. Azken honekin, hamahirugarren aldiz jantzi du txapela Olasagasti igeldoarrak.
Pasa den igande arratsaldean jokatu zuten txapelketa, eta jendetza bildu zen Bedaioko herri kirol saioan. Bost aizkolari aritu ziren ikuslegoaren aurrean: Iñaki Azurmendi (Arriaran, Beasain;39 urte), Jexuxmari Mujika (Ibarra; 34 urte), Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia; 52 urte) , Joseba Otaegi (Zizurkil; 28 urte) eta Ugaitz Mugertza (Mutriku, 24 urte).
Aizkolari bakoitzak hamar enbor moztu behar izan zituen, Euskadiko Txapelketako finalekoak baino bi gutxiago. Horrela beraz, honakoak izan ziren egin beharreko lanak: 54 ontzako 4 enbor, 60 ontzak beste lau eta 72 ontzako 2 enbor.
Joseba Otaegi hasi zen arinen, eta bi kana erdiko enborrak eta 60 ontzako beste biak berak ebaki zituen azkarren. Laugarren enborrarekin ari zela, ordea, Joxemari Olasagasti hurbildu egin zitzaion zizurkildarrari, eta bosgarren enborra ebaki eta gero, igeldoarrak hartu zuen txapelketako burua.
Otaegik ongi eutsi zion bigarren postuari, eta Jexuxmari Mujika aritu zen hirugarren posturako lehian. Azurmendik, ordea, aurrea hartu zion bosgarren enborrean, eta ibartarrak laugarren postuan amaitu zuen txapelketa, mailari eutsiz. Ugaitz Mugertza gaztea izango da, beraz, datorren urtean bigarren mailan ariko dena.
Gazteetan, Saralegi lehena
Leitzan ospatu zuten, igande eguerdian, Gazte Mailako Aizkora Txapelketa; Eneko Saralegi leitzarra suertatu zen irabazle. Bere herrikidea Julen Olano, berriz, laugarrena izan zen. Eneko Otaño sailkatu zen bigarren postuan, eta hirugarren Eloy Olanok egin zuen. Bosgarrena, berriz, Joxean Etxeberria izan zen.
Gipuzkoa nagusi Legution
XXIII. Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa ere pasa den igandean izan zen, Legution (Araba). Gipuzkoako taldeak irabazi zuen txapelketa, Nafarroa Garaiari puntu bakarra aterata.
2001. urtean Donostian jokatutako txapelketan irabazi zuen Gipuzkoak, azkenekoz, txapela; hamar urte hauetan, Nafarroa Garaia izan da nagusi. Igandean, ordea, gipuzkoarrak fin aritu ziren lokotx biltzen, harri jasotzen eta txinga eramaten. Lehia hasi baino lehen, ikuslegoak espero zuen Aimar Irigoienek harri jasotzen irabaztea eta, era berean, Juanjoxe Agirregabiria txinga eramaten gailentzea. Eguneko ezustekoa, ordea, Baliarraingo Eneko Garmendiak eman zuen; lehen aldiz irabazi zion Nafarroa Garaiko taldeko Fernando Etxegarairi lokotxak biltzen.
Horrela beraz, 60 punturekin irabazi zuen Gipuzkoak aurtengo lehia.