Bost aizkolari ariko dira Bedaion Gipuzkoako txapela lortzeko lanean

tolosa 2011ko ira. 7a, 16:56

Gipuzkoako Lehen Mailako Aizkora Txapelketa jokatuko dute igandean eta lehenengoz, Bedaio auzoan. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da norgehiagoka, eta bost aizkolari arituko dira lehian.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «berez ezin da esan Gipuzkoako finala denik, ez baitute sailkapen faserik jokatu». Horrela beraz, eta azken urteotako ereduarekin jarraituz, bost aizkolari arituko dira txapela lortzeko lanean. Egin beharreko lanak (4 kana erdiko, 2 oin biko, 60 ontzako bat) bukatzen denbora gehien pasatzen duen aizkolaria, bigarren mailara jaitsiko da.

Arduradunek txapelketa Bedaion ospatzea berrikuntza bat dela azpimarratu nahi izan dute. Bedaioko Artubi elkarteko arduraduna den Maitane Aiestaranek, urte osoan auzotarrek naturarekin eta kirolarekin loturiko ekimenak antolatzeko egiten duten esfortzua azpimarratu du, eta «urduritasuna eta gogoa» dutela ere nabarmendu du.

Tolosako Udaleko Hasier de los Rios alkateordeak eta Pello Etxabe kirol zinegotziak, «udalak betidanik herri kirolen aldeko apustua egin izan» duela azaldu dute, eta «ekonomiaren egoera ona ez den arren, udal berriak ere bide horretatik jarraitzeko asmoa» duela azpimarratu dute. Modu horretara, Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa diruz lagunduko du udalak, lehia Bedaioko jaietako egitarauaren barruan sartuz.

Bost aizkolari, txapela bat

Bost gizonezko ariko dira, alde batetik, Gipuzkoako txapeldun izateko lanean, eta bestetik, bigarren mailara ez jaisteko ahal dutena egiten.

Iñaki Azurmendi ariko da, alde batetik. 40 urte ditu, eta Beasaingo Arriaran auzokoa da, jada hiru txapela jantzi dituen aizkolari hau.

Jesus Mari Mujika ibartarra ere Bedaioko norgehiagokan izango da. 35 urte ditu berak, eta duela hiru urte igo zen maila nagusira.

Hirugarren aizkolaria Jose Mari Olasagasti izango da, Igeldo auzokoa (Donostia). 52 urterekin, Gipuzkoako 11 txapela irabazi ditu, eta sei aldiz izan da Euskadiko txapelketako irabazlea.

Azkenik, bi aizkolari gazte ere ariko dira. Alde batetik, Zizurkilgo Joseba Otaegi izango da Bedaion. 28 urte ditu, eta 2009an igo zen maila nagusira. Aurkezpenean azaldu duenez, urrian aizkoran eta korrika egingo duen apustua prestatzen aritu da azken hilabeteotan, eta iazko bizitasun hori ez duela azaldu du: «bost aizkolari izanda, txapela oso zail dago. Laugarren edo hirugarren egitea posible da, baina bosgarren egitea ere bai». Euskadiko txapelketako kanporaketa ere oso gertu du Otaegik, baina igandeko probak beldur gehiago sortzen diola esan du.

Azkenik, Mutriku aldetik, 24 urterekin, Ugaitz Mugertza, Mugertza II.a, ariko da. Iaz igo zen maila gorenera, bere aitari 15 segundu aterata.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!