Aldaba Txiki auzoko AHTren lanetan langile bat hil da

tolosa 2011ko irailaren 7a

 

http://www.youtube.com/watch?v=VGwpdkvlDYk

Tolosako Aldaba Txiki auzoan langile bat hil zen atzo goizeko 04:00etan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez, 47 urteko langileak, Abiadura Handiko Trenaren azpiegituran egiten zuen lan; kamioia gidatzen zihoala gertatu zen lan istripua.

Tolosako udaltzainak, Ertzaintza eta Guardia Zibila Aldaba Txiki auzoan izan ziren atzo, istripua gertatu zen lekuan. Auzo horretan egiten ari diren AHTren lanen azpian, «22 tonako» kamioia zegoen, aurrealde guztia kolpaturik zuela. Honen inguruan, azpiegitura aurrera eramaten ari diren enpresetako hainbat ordezkari eta langile elkartu ziren. Hauetako baten esanetan, 47 urteko langilea portugaldarra zen, eta bost hilabete zeramatzan azpiegitura honetan lanean. «Ez dut ulertzen zer gertatu den. Goiko pista ondo dago; hormigoiarekin, zabala eta lehorra. Kamioi hauek, hutsik zihoan gainera, edozein malda igotzeko indarra dute», zioen. Amildegitik behera, kamioia bueltarik eman gabe erori zela ere gaineratu zuen langile zenduaren kideak: «Ondoren, beheko errepidean irauli, itzulia eman eta hor ikusten den bezala gelditu da, lau gurpilen gainean. Ez dakit nola gertatu den; edo frenurik gabe gelditu eta... edo bihotzekoak eman dio... ez dakit, ez dakit». 47 urteko langileak Juve enpresarentzat egiten zuela lan ere azaldu zuen.

Erreakzioak

Lan istripuaren ondorengo orduetan, hainbat iritzi plazaratu zituzten herri mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoek.

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek heriotza salatu eta hildako langilearen familiari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu zuten. Mobilizazioa bihar izango da,  Tolosako udaletxearen aurrean, 12:00etan.

LAB, ELA eta AHT Gelditu! Elkarlanak AHTren obretan langileek jasan behar dituzten «lan baldintza kaxkarrak» salatu zituzten. ELAren esanetan, «obretako arduradunek ez digute lan eremuetara sartzen uzten langileen lan eta segurtasun baldintzak ikuskatzera». LABek bere aldetik, «AHTren lanak gelditzea» eskatu zuen, «jadanik bost langileren biziak aurretik eraman dituelako proiektu honek». Horrez gain, sindikatu abertzalearen esanetan, «erakunde publikoek, Arriola jauna buru dutela, patronalaren moduan jokatzen dute, bide neoliberalak erabiliaz, hau da, denbora gutxian asko egin eta kostu gutxirekin».

AHT Gelditu! Elkarlana herri mugimenduak ere obrak gelditzea eskatu zuen. Era berean, antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zieten herritarrei.

PSE-EE alderdiak ere bere irakurketa plazaratu zuen atzokoan. AHTren bultzatzaileetako bat den alderdi politikoak, ezbehar hauekin amaitu beharra dagoela azaldu zuen. Horretarako, lan istripuen aurrean «zero tolerantzia» aldarrikatu zuten PSE-EEkoek. Atzoko istripuaren aurrean, euren «samina, doluminak eta elkartasuna» azaldu zituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!