Guda karlistaren ondoren, 1845. urtean eraiki zuten Uzturreko dorre telegrafikoa. Uztaila osoan zehar, auzolandegietako hainbat gazte dorrea konpontzeko lanetan aritu dira.
Bigarren urtez ari dira Uzturreko dorrea konpontzen, auzolandegietako gazteak. Iaz nazioarteko neska-mutilak aritu baziren ere, aurten, Euskal Herriko eta Espainiako txoko desberdinetatik etorri dira gurera. Horrela beraz, azken bi asteotan, Gasteiz, Bilbo, Galizia, Sevilla, Granada, Teruel eta Valentziako gazteak aritu dira, hiru begirale euskaldunekin batera, dorrea eraberritzen.
Udako auzolandegi hauek Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu urtero. Parte hartzen duten 18 eta 26 urte bitarteko gazteak, beren erkidegoan ematen dute izena, eta gehien interesatzen zaien norakoa hautatzen dute.
Eguneroko lana
Egunero, goizez aritzen dira Uzturreko dorrean lanean, 10:00etatik 13:00era bitarte. 11:30etik 12:00etara, atsedenaldia egiten dute, eta hamaiketakoa jateko probesten dute tartetxoa.
Besteak beste, dorrearen barruko aldea garbitzen eta hormak eraberritzen aritu dira, Esti Etxaide begirale donostiarrak azaldu duenez: «bigarren hamabostaldiko taldearekin ezin izan dugu lan gehiegi egin, euria dela eta egun askotan etorri gabe geratu baikara», dio Etxaidek. Hondatuta dauden paretak pikotxaz jotzen dituzte, ondoren porlanak konpontzeko. Era berean, belarrak kendu eta dorre barruko harriak kanpora ateratzen dituzte, hauekin egiturak osatuz.
Auzolandegiko gazteek Samaniego ikastetxea izan dute egoitza hamabost egunetan zehar. Bertan egin dute lo, eta baita gosaldu, bazkaldu eta afaldu ere. Bertatik, ordu bete inguruko bidea dute dorrea dagoen lekuraino, eta oinez igo nahiz jeisten dira. Lanerako tresnak lehenengo egunean igo zituzten gora, traktoreaz baliatuz.
Aisia ere bai
Eguneroko lanaren ondoren, begiraleek hainbat ekintza antolazen dituzte arratsalde nahiz gauetarako. Besteak beste, Usabal kiroldegiko igerilekura joaten dira iluntzeetan; «Spa eremua da gehien gustatzen zaiguna», dio Etxaidek.
Horrez gain, asteburuetan irteerak burutu dituzte Euskal Herriko txokoetara. Gaztelugatxe eta Donostia bisitatu zituzten, eta eguraldi hobexeagoaren bila Bardeetara ere joan ziren.
Gaur, auzolandegietako azken eguna izaki, afari berezia antolatu dute; bakoitzak bere herriko plater tipikoa prestatu beharko die lagunei.
Euskal Herria ezagutzera
Aipatu bezala, gazte bakoitzak aukeratzen du zein auzolandegitara joan nahi duen. Sevillako Carlos Garciak, bigarren aldiz bizi izan du auzolandegien esperientzia, eta «oso ona» izan dela azaldu du. Tolosa aukeratu zuen, data ondo zetorkiolako, alde batetik; gainera, «Euskal Herria ez nuen ezagutzen, eta bertako kultura ezagutu nahi nuen», dio Garciak.
√Besteak beste, egiten dituzten jarduerak azpimarratu ditu, eta begiraleak euskaldunak izatea ere oso egokia iruditzen zaio, hemengo ohiturak kontatzen baitizkiete. Tolosa «asko» gustatu zaiola ere nabarmendu du; «guztia oso ondo zaindua dago, bai eraikinak, eta baita kulturaren alderdia ere. Kontzertuak, museoak,... Eguraldia izan da alde txar bakarra».
Rebeca Fernandez, berriz, Galiziatik etorri da, eta bere lehen aldia izan da aurtengoa, auzolandegietan. Atzerrian ezagutu zuen lagun euskaldun batek gomendatu zion hona etortzea, eta lagun batekin etorri da Tolosara. «Lana gogorragoa izango zela uste nuen, eta gainera, hainbat jarduera egiten ditugu», dio Fernandezek. Horrelako auzolandegietara etortzea edonori gomendatuko liokeela esan du: «entretenigarria da, eta zerbaitetan laguntzen ari zarela sentitzen duzu».
XIX. mendeko dorrea
Dorre telegrafikora Santa Luzia auzotik igotzen da. Garai batean behiak, ardiak edo ahuntzak soilik igarotzen ziren bide honetatik bost kilometro inguru igaro ondoren, Uzturreko San Ignacio Sanatorioa izan zenaren horma zaharrak ikus daitezke.
IX. mendearen erdi aldera, telekomunikabidek bilakaera handia jasan zuten, eta aurrerapauso handiak eman zituzten esparru honetan. Ordura arte, albiste eta berriak zaldiz iristen ziren leku batetik, bestera. Mende hartan, ordea, telegrafiko optikoari esker, berriak Madrildik Irunera bi ordutan iristeko modua aurkitu zuten.
Uzturreko dorre hau 1845. urtean eraiki zuten, guda Karlistaren ondoren. Madril eta Irun hiriburuen artean 52 dorre telegrafikoz osaturiko kate bat zegoen, eta 48. dorrea da Tolosakoa.
Dorrearen hormak kalitate handiko harlanduz egindakoak dira, eta ertzetan nahiz beheko solairuan leiho txikiak ditu; defentsarako gezi leihoak ziren. Goiko solairuan, egurrezko egituren bidez, Altzo eta Usabal arteko Ollaun menditik bidalitako mezuak jasotzen zituzten Uzturreko dorrean, eta hemendik Andoaingo Buruntzako dorrera bidaltzen zituzten.
Aipatzekoa da, dorre telegrafiko hauek hamar urtez soilik aritu zirela funtzionamenduan, izan ere, harizko telegrafiak gainditu zuen telegrafia optikoa.