Itsaso Leundak eta Aitor Regillagak irabazi dute Monegrosko triatloi proba

Ataria 2011ko uztailaren 28a

Ardo ona bezala, denborarekin hobetuz joaten dira hainbat kirolari. Aitor Regillagaren eta Itsaso Leundaren kasua, hori dela dirudi. Bi tolosarrek, hilaren 24an, Monegroseko (Huesca) desertuan ospatu zen distantzia luzeko triatloia irabazi zuten, eta Leundaren kasuan, erakustaldia eskainiaz.

Irteera puntuan 200 parte hartzaile bildu ziren, eta guztiek, 1800 metro igerian, 75 km bizikletan eta 15 km korrika egin behar izan zituzten, helmugara iritsi bitartean.

Regillaga eta Leunda faborito bezala irten ziren, biek 1 zenbakia jartzen zuen dortsala eraman baitzuten soinean.

Atzetik aurrera

Aitor Regillagak 11. postuan amaitu zuen igeriketa proba. Ondoren, bizikleta gainean jarri zen, aurkariak banaka-banaka gainditzeko. 75 kilometroko ibilbidean onena izan zen, partzialik hoberena eginez. Korrika hasi aurretik, bigarren postuan aurkitzen zen, bi minutuko atzerapenarekin. Korrikako saioan jarri zen lehen postuan, hain zuzen ere zortzigarren kilometroan.  Aurretik gelditzen zitzaizkion zazpi kilometroak lasterketa buruan egin zituen, eta honela helmugaratu zen, lehen postuan bakar bakarrik.

Hasieratik nagusi

Itsaso Leundak berriz, izugarrizko erakustaldia eman zuen, lasterketa buruan izan zelarik hasieratik bukaeraraino.

Igeriketa saioko 1800 metroak  29 minututan burutu zituen tolosarrak. Bizikleta gainean jartzen lehen neska izan zen, eta ibilbidean aldeak handitzea lortu zuen; 75 kilometroren ostean, bigarrenari 20 minutuko abantaila ateratzen zion.

Azken atalean, korrikakoan, besteekiko zuen aldeaz oharturik, probaz ahalik eta gehien disfrutatzea erabaki zuen, eta horretan saiatu zen, nahiz eta izugarrizko beroari aurre egin behar izan zion.

Modu honetara, Monegrosko triatloi lasterketaren lehen edizioan bi tolosarrek lortu zuten garaipena, eta ondorioz, Aitor Regillaga eta Itsaso Leunda izan ziren podiumeko atalik gorenera igotzea lortu zutenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!