Lehenengo aldiz, eta egun osoz, skate zaleek euren festa ari dira ospatzen Tolosan.
Tolosako Skate taldeak antolatuta, eta Tolosako Udalaren laguntzaz, I. Skate festa Usabal kiroldegiko skate pista berrian egin dute.
Eguerdiko 12:00ak aldera hasi dira, eta skate librearen tartea izan dute. Norberak bere aldetik, pistarekin lehen kontaktua izan du, eta egiteko gai den abileziak erakutsi ahal izan ditu.
14:00etan, bazkaria egingo dute.
Arratsaldeko 16:00ak inguruan, skate txapelketari hasiera emango diote. Hiru maila banatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, 14 urtetik gorakoak arituko dira skate pistan. Era berean, 14 urtez azpiko gaztetxoek ere euren maila izango dute. Azkenik, neskak arituko dira. Maila hauetariko bakoitzean irabazle suertatzen denak, materiala eta 500 euro jasoko ditu saritzat.
Egunarekin amaitzeko, sari banaketaren ondoren, 20:30 inguruan, musika izango da nagusi. Gargantas desgarradas eta Lobo eléctrico taldeen kontzertuak izango dira. Barra bat jarriko dute, eta ateratzen den dirua skate pistan modulu berriak jartzeko erabiliko dute.