Uztailerako kaleko lau txotxongilo emanaldi antolatu ditu Topic zentroak. Galiot eta Taller de marionetas de Pepe Otal taldeek, biak Batzelonakoak, eta Bihar eta Antzezkizuna euskaldunek egingo dituzte antzezpenak, Topic zentroaren atarian. Emanaldiak dohainik izango dira.
Galiot taldeak eman zion hasiera ziklo honi, Txotxongiloen parkea izeneko muntaiarekin. Ikuskizunak uztailaren 8an eta 9an kaleratu zituzten.
Bigarren emanaldia Bihar Taldearen eskutik etorriko da. Karolino da Karolino, printzesa eta dragoiaren burua ikuskizuneko protagonista. Bera ezagutzeko aukera bihar, hilaren 15ean, 19:00etan izango da. Istorio honetan protagonista txotxongilo antzerkiko heroiaren prototipoa da. Zaldunak, gaztelu eder bat, errege atsekabetua, printzesa polita, bufoia eta, gezurrezko heroi bat, Karolinoren ahalegina baliatu nahian ibiliko dena. Bufoiaren, makilaren eta ikusleen laguntzaz, ordea, eragozpen guztiei aurre egin, eta, azkenean, printzesarekin ezkonduko da protagonista. Noski, tartean ezustekorik ez baldin bada gertatzen, eta hori jakiteko aukera bakarra bihar Topic aurrera agertzea izango da, ikuskizunaz gozatzera.
Zirkoko artistak
Hurrengo astean, ordu berean, Vamos que nos vamos ikusteko aukera egongo da Taller de Pepe Otalen eskutik. Haurrek zirkuaren oihartzuna aurkituko dute emanaldi horretan: munduko ikuskizunik handiena, munduko artista txikienek antzeztuta. Bertan, txotxongiloak zirkoko artista bikainak bihurtuta agertuko dira; agertokiko izar handiak, beren arte, alaitasun eta mugimenduen bizitasuna kale, plaza eta txoko guztietara zabaltzeko irrikaz ibiliko dira.
Vamos que nos vamos ikuskizun irekia da, askotarikoa; kabaret bat, orotariko ikusleentzat egokia. Pertsonaiei dagokienez, hantxe aurkituko ditugu Black-i, bola bakarreko malabarista; Igor Chavalint, munduko gizonik indartsuena; eta Mohame Larvi, suge-liluratzailea, Ekialde urrun eta misteriotsutik etorria. Baita honako hauek ere: Filippo, funanbulista bihurtutako pailazoa; Señor Pere, geriatrikotik ihes egina, heriotzarekin dantza egingo duena; eta beste munduko pianista trebea, piztia exotikoen hezleak...
Pertsonai ezagunak
Antzezkizuna taldeak Ipuin lapurra ikuskizuna aurkeztuko du uztailaren 29an, 19:00etan, Topic Zentroaren atarian. Toni La Sal izozki saltzailea da bertako protagonista. Toni La Sal herriko plazan kokatu da, izozkiak saltzen hasteko prest; baina, halako batean, telefono dei bat jasotzen du. Dirudienez, ez da benetako izozki saltzailea, eta itsura hori beste zerbait ezkutatzeko hartu du. Herriko banketxean lapurreta egitea du benetako helburua. Asaldatuta eta izututa dago, eta lapurreta egitean, liburutegiko kutxa gotorra hartu du, banketxekoa hartu ordez. Pinocho, Otsoa, Txanogorritxu, Hiru Txerrikumeetan azkarrena, Katu Botaduna eta Lanparako Jeinua txotxongiloen istorio ero batean murgilduta agertuko dira; auskalo nola amaituko den!
Ikusleak arratoi bihurtuko ote dira, Hamelingo Txistulariaren eraginez? Toni La Salek hip-hop dantza egingo ote du? Argituko al da kasua inoiz? Hori eta askoz gehiago aurkituko ditugu ikuskizun interaktibo honetan.
Topic-ek antolatu eta Galiot taldeak iragan astean martxan jarri zuen zikloa uztaila amaitzen denean amaituko da. Oraindik hiru ikuskizun gelditzen dira, beraz, ikusteko eta gozatzeko. Antolatzaileek herritarrei Euskal Herria plazara agertzeko deialdia egin nahi izan die, alde batetik doako ikuskizunak izango direlako eta bestetik, adin guztietako ikusleek txotxongiloen mundu magikoa gertutik ezagutzen jarraitzeko aukera izango dutelako, nahiz eta udan egon. Emanaldi guztiak 19:00etan hasiko dira eta hilabete honetako ostiral guztiak jantziko dituzte.