Hamaika batzorde informatibo izango dira Tolosako Udalean legealdi honetan, astearteko aparteko osoko bilkuran hala erabakita.
Legealdi honetako lehen osoko bilkura izan zen, eta udal batzordeen eta organo kolegiatuen inguruko zehaztapenak erabaki zituzten, besteak beste.
Udaletxeko batzar aretoan Ibai Iriarte alkatea eta 16 zinegotziak elkartu ziren, eta gai zerrendarekin hasi baino lehen, Iriartek hitz batzuk esan zituen, bere lehen osoko bilkura zela eta. Besteak beste, «Tolosa bizi eta parte hartzailea» landu nahi dutela azaldu zuen. Arazo ekonomikoak dituzten familiek udalaren laguntza behar dutela azpimarratu zuen, krisi garaiak gogora ekarriz, eta normalizazio politikoaren bidean, «pauso bateratuak» emateko beharraz aritu zen. Gainera, «oposizioaren garrantzi kuantitatibo nahiz kualitatiboa» ere azpimarratu zituen: «guk justu-justu irabazi baitugu».
Hamaika udal batzorde
Bilduk eta Aralarrek, sinaturiko gobernu akordioaren bidez, hamaika batzorde informatibo osatu dituzte. Batzorde kopurua murrizteak «ekonomikoki eragin positiboa» izango duela uste dute, eta oposizioari ere «on egingo diola» defendatzen dute: «indar gutxiagoko alderdiek ere parte hartu ahal izango dute», azaldu zuen Lore Agirrek.
Beren aldetik, EAJko udal ordezkariek proposamen honekiko desadostasuna azaldu zuten, «baztertuak» sentitzen direla nabarmenduz. Egun batzuk lehenago prentsari azaldu bezala, ekonomiari eta bizikidetzari garrantzia handiagoa eman behar zaiela azaldu zuen Jokin Azkuek. Era berean, Jose Ignacio Asensio, PSE-EEko zinegotzia, EAJren proposamenaren alde agertu zen.
Desadostasun eta kritika hauen aurrean, Bilduko udal ordezkariek «bidea egin behar» dutela erantzun zuten: «gero aldaketak egin behar badira, egingo dira. Denok dugu zer ikasia», zioen Ibai Iriartek.
Horrela beraz, Bildu eta Aralarren proposamenak irabazi zuen, aldeko 9 bozkarekin eta kontrako 8rekin. Udalbatzak onartutakoaren arabera, beraz, honakoak izango dira batzorde informatiboak: Parekidetasuna (lehendakaria Miren Urkola); Hirigintza, herri azpiegiturak eta auzoak (lehendakaria Ibai Iriarte); Giza baliabideak, udal antolakuntza, herritarren arreta eta informazio gizartea (lehendakaria Lore Agirre); Udaltzaingoa eta mugikortasuna (lehendakaria Ibai Iriarte); Ingurumena, garapen ekonomikoa, merkataritza eta turismoa (lehendakaria Hasier de los Rios); Kultura eta festak (lehendakaria Edurne Mendia); Hizkuntza politika (lehendakaria Iñaki Irazabalbeitia); Gizarte politikak eta osasuna (lehendakaria Miren Urkola); Kontuetarako batzorde berezia eta ogasuna (lehendakaria Lore Agirre); Kirola (lehendakaria Peio Etxabe), eta azkenik, Gazteria eta migrazioa (lehendakaria Mikel Arreseigor).
Batzorde informatibo hauei dagokienez, Bilduk batzorde hauek herritarrei zabalik uzteko nahia azaldu zuen, «parte hartzea bultzatzeko».
Honen ondoren, organo kolegiatuetako udal ordezkariak izendatu zituzten. Tolosako Udalak hainbat mankomunitate, erakunde autonomo, sozietate merkantil eta antzekotan parte hartzen du: Aralarko parkea, Tolosaldea Garatzen, Tolosa Gasa, Tolosa Lotzen, Tolosa Lantzen, Iurreamendi, Apatta-erreka, Tolomendi, Zazpiturri, Ur kontsortzioa, Paper eskola, Erretengibel, Tolargi, Samaniego kontseilua, Papel institutuko kontseilua, Mankomunitatea eta Hiltegia.
Liberazioak eta ordainsariak
2011-2015 legealdirako, ebentual izaerako bi lanpostu sortu dituzte. Alkatearen aholkularia izango da bat, eta lanaldi erdiko dedikazioa izango du, urtean 26.000 euro gordineko ordainsaria jasoz. Bestetik, alkatearen idazkariak lanaldi osoko dedikazioa izango du, eta 38.511,82 euro gordineko ordainsaria izango du urtean.
Udal ordezkariei dagokienez, dedikazio esklusiboko karguek izango dituzten ordainsariak ere aipatu zituzten. Alkate liberatuak 44.000 euroko ordainsaria izango du urtean, eta alkate-orde liberatuak ere kopuru bera jasoko du. Era berean, egun erdiz liberatuko den alkate-ordeak, 20.000 euroko ordain saria izango du urtean.
Guztira, beraz, hiru liberazio izango dira Tolosako Udalaren kontura. Modu honetara, udalaren gastua urtean 134.000 eurokoa izango da, eta Bilduko ordezkariek azaldu zutenez, soldatetan %42 jeitsiko da udalaren gastua: «ahalik eta liberazio gutxien proposatu ditugu, gastua jeisteko, eta lan politiko militantea bultzatzeko, beharra baitago», azaldu zuen Lore Agirrek.
Honen harira, EAJk, bere zinegotzietako bat liberatua izatea «bidezkoena» dela defendatu zuen, «udal ordezkari bateko aldea bakarrik baitago bi alderdien artean». Bere aldetik, PSE-EEko Jose Ignacio Asensiok, udaleko alderdi politiko bakoitzak gutxienez batzorde buru bat izan beharko lukeela defendatu zuen. Bozketaren ondoren, Bildu eta Aralaarren proposamena onartu zen, aldeko 9 bozkarekin, aurkako 7rekin eta abstentzio batekin.