Gazteen omenezko mendi ibilaldian eta erromerian jende ugari bildu da Bedaion

tolosa 2011ko uztailaren 11

Larunbata ekitaldiz betea izan zuten Bedaion. Goizean mendi ibilaldia egin zuten herriko gazteen omenez, eta gauean afariarekin eta erromeriarekin bukatu zuten eguna.

Eguraldia lagun egin zuten mendi ibilaldia eta gogoratu zituzten «gure ondoan ez dauden gazteak», azaldu dute Artubi elkartetik. «Ohiturari jarraituz, haur eta helduak mendira abiatu ginen, eta bertan, gazteei jarriak dauden monolitoetan oroimenezko lore sorta eskaintza egin genuen», gaineratu dute elkartekoek. Dultzainaren doinuak ere izan ziren entzungai Balerdi magalean, Aitor Agirre gaztearen eskutik.

Gaua sartzen ari zenean, Abaetxe jatetxekoek sagardotegi menuko afaria prest izan zuten. Bertako lorategian nahiz barnealdean 120 lagun bildu ziren. Sagardoa ziritik dastatzeko aukera izan zuten afaltzera joan zirenek. Afalostea gozatuz, Bixente Gorostidi eta Unai Muñoa bertsolariak izan ziren, eta trikiti piezekin alaitzeko, berriz, Dorronsoro eta Urbieta bikotea. «Egun pasa borobila beraz larunbatekoa, musika, dantza, bertsoak eta jaki ederrez jantzia», adierazi dute Artubikoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!