Eguzki ekologista taldeak, RENFEk aldirietako nahiz distantzia ertaineko tren txartelen prezioan aplikatu berri duen %5eko igoera salatu du.
Espainiako Gobernuak pasa den otsailean, Energia Aurrezteko Plana abian jarri zuen. Plan honen baitan hartutako erabakien artean, entzutetsuena ibilgailuei jarritako 100 km/h abiaduraren mugarena izan zen. Beste erabaki bat, ordea, aldirietako eta distantzia ertaineko tren txartelen prezioa %5 bat jeistearena izan zen.
Bere garaian, Eguzki ekologista taldeak «oso interesgarritzat» hartu zuen berri hau, nolabait, norberaren ibilgailuak hainbeste erabili beharrean, herritarrak garraio publikoa erabiltzera bultatzen zituelako.
Duela aste bete inguru zabaldu zen, ordea, berria: uztailetik aurrera, ibilgailuek 120 km/h abiaduran ibili ahal izango dute berriro errepideetan. Horrekin batera, aldirietako eta distantzia ertaineko tren txartelen prezioa, berriro %5 bat igoko da.
«Adar jotzea iruditzen zaigu»
Ekologisten Eguzki taldeari, gobernuak hartu berri duen neurria «adar jotze hutsa» iruditzen zaio.
Espainiako Gobernuaren Energia Aurrezteko Planaren baitako erabaki honek, erregaia aurrezteaz gain garraio publikoaren erabilera sustatzea zuen, ofizialki, helburu nagusia. «Orain, petrolio upelaren prezioa otsailean bezain garestia ez denez, badirudi ez dela beharrezkoa, ez erregaia aurreztea, ezta garraio publikoaren erabilera bultzatzea ere», dio Eguzki taldeak.
Bide beretik, RENFEko tren txartelen prezioak erregaien prezio igoerarekin argudiatu izan dituzte beti; Eguzki ekologista taldeak, «paradoxikoki» treneko bidaien prezioa eta erregaiena batera igo izana salatu du .
Herritarrengan eragina
Treneko txartelen prezioan %5a igo izanak, «beste behin ere gobernu espainiarrak energiaren, garraioen, eta oro har, ingurumenarekin loturiko gaien inguruan daraman norabiderik gabeko politika» erakusten duela nabarmendu du Eguzki taldeak. Izan ere, «onartezina» iruditzen zaie hartutako neurria, maila ekonomiko apalena duten herritar eta erabiltzaileei eragiten baitie batez ere: «emakumeak, ikasleak, jubilatuak, langileak, etorkinak, eta abar dira garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak».
Tren bidaien prezioen %5eko igoera honekin, 2011 hasierako prezioetara itzuliko garela esanez, «igoerari garrantzia kentzen» saiatuko direla ere aipatu dute Eguzkiko partaideek. Honen aurrean, RENFEk azken hiru urteotan ezarritako «gehiegizko» prezio igoerak, KPIa baino askoz ere altuagoak izan direla ere argitu nahi izan dute, eta guztira %17,4ko igoera osatzen dute: 2009an %6,3a igo zuten; 2010ean %6a eta BEZaren %2a; 2011n, berriz, %3,1eko igoera ezarri zuten.
Aipaturiko prezioen igoera honetaz gain, Eguzki ekologista taldeak Gipuzkoako erabiltzaileek RENFEko instalazioetan jasan behar izaten dituzten oztopoak ere aipatu nahi izan dituzte: erabat utzita dauden geltokiak, sarbbide arriskutsuak, ia igaro ezin diren oztopo arkitektonikoak hainbat geltoki txikitan (hauetako gehienak komunik gabe), eta abar. Hitz batean, «narbarmenki hobetu daitekeen zerbitzu bat» eskaintzen dute, Eguzkiren arabera.
Eskaera «bateraezinak»
Erakunde publikoetatik garraio publikoa gehiago erabiltzeko egiten dituzten deialdiak «bateraezinak» direla salatu du Eguzkik. Lehenik eta behin, aipaturiko igoerek zaildu egiten dute herritarrek garraio publikoa gehiago erabiltzea.
Honez gain, RENFEk Gipuzkoan duen tren linean, deialdi horiekin batera hainbat hobekuntza eskaini beharko lituzkeela uste dute Eguzkiko kideek. Hasteko, trenen maiztasuna hobetzeko modukoa dela diote, eta baita denbora ere. Era berean, geltoki nagusi nahiz txikienetako zerbitzukak eta sarbideak ere berritu egin behar dira euren ustez; «trena eskuragarri egin behar da, herritarrek erabil dezaten».