Eskualdeko bederatzi triatleta Austriara abiatuko dira gaur, Karnten Iron Man proban parte hartzeko helburuarekin. Mahala TTTko kideak dira ia denak, baina tartean bada Garraitz Kirol Taldeko partaidea ere, Itsaso Leunda.
Bederatzi horietatik zazpi tolosarrak dira, Edu Gonzalez ibartarra da, eta Leunda Hernialdekoa.
Guztiek proba amaitzea dute helburu, baina baita maila ona ematea ere; batzuk 11 ordutatik jaitsi nahi duten bezala, besteek 10 ordutan jarri dute muga.
Itsaso Leunda
Bederatzi kirolarien palmaresa begiratuta hernialdetarra ezin da azpimarratu gabe utzi. Aurten Arrigorriagan lortutako garaipenarekin, Euskadiko Distantzia Luzeko Duatloiean txapela jantzi zuen. EcotriMad proban, distantzia ertaineko triatloian, hirugarren postua lortu zuen; 25-29 bitarteko adin taldean lehena gelditu zelarik. 2010ean hasi zen modu honetako probetan Leunda, eta lehen urte horretan, Ironcat-a irabazi zuen.
27 urte dituen kirolaria gogotsu doa Austria aldera. Helburu garbi bat duela onartu du Leundak: «Ezeren aurretik bukatzea». Hala eta guztiz ere, Hawaii-en egingo den triatloi probarako txartela eskuratzea ere gustatuko litzaioke: «40 neska egongo dira Austrian nire adin taldean, eta postuaren arabera lortu daiteke sailkapen hori».
Proba, igandean
Eskualdeko triatletek igandean prest egon beharko dute Iron Man-a egiteko. Ibilbidea benetan gogorra izango da, eta entrenamenduetan landutakoa erakusteko aukera polita izango dute Austrian. Aipatu behar da, Jon Marin tolosarra taldekideekin egotekoa zela hasiera batean, baina lesio baten ondorioz, Tolosan gelditu da.
Gauzak horrela, triatletak lehenik igerian ariko dira, 3,8 kilometroko distantzia egin beharko dutelarik, laku bateko uretan. Ondoren, txirrindua hartuko dute, 180,2 kilometroko ibilbidea burutzeko. Azkenik, zapatilak aldatu eta korri egiteari ekingo diote. Maratoi baten distantzia egin beharko dute korrika, hau da, 42,2 kilometro.
Mahala TTT eta Garraitz Kirol Taldeko triatletek denaren beharra izango dute Klagenfurt hirian jokatuko den erronka gogor honi aurre egiteko. Klagenfurt Austria hegoaldean aurkitzen da, eta Carintiako Land-aren hiriburua da. Wörthersee lakuaren ur ertzean aurkitzen da, eta Esloveniarekin muga egiten du. Inguruaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du.