Aziza Brahim, Oreka TX eta Alurr-en kontzertua izango da larunbatean Plaza Berrian

tolosa 2011ko ekainaren 16a

Tolosaldea Sahararekin elkarteak duela hilabete inguru aurkeztu zuen Maiatza borrokan egitaraua, larunbatean amaituko da euskal karabanaren irteerarekin, etakontzertu batekin.

Herri sahararraren aldeko euskal karabana hamabosgarren aldiz irtengo da Euskal Herritik. Beti bezala, kanpamenduetara elikagaiak eta oinarrizko materiala biltzea izan du helburu karabanak: arroza, lekaleak, pasta, hegaluzea oliotan, azukrea, konpresak, olioak eta helduentzako pardelak. Antolatzaileek azaldu dutenez, gainera, aurten sekula baino janari gehiago beharko dute, Libian zeuden ikasle sahararrak kanpamenduetara itzuli baitira; 8.000 ume gehiago izango dira, beraz, kanpamenduetan.

Bihar, ekitaldi ofiziala goizeko 10:00etan hasiko da, Tolosako suhiltzaileen aurrean dagoen aparkalekuan. Bertan izango dira Ibai Iriarte Tolosako alkatea, Polisario Fronteak Euskadin duen ordezkaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskal Fondoa eta Herri Sahararren aldeko elkarteetako ordezkariak. Jarraian, hiru kamioi eta furgoneta bat, Alacant aldera abiatuko dira.

Honen ondoren, 11:30ak aldera, futbol partidua jokatuko dute Uzturpe frontoian, sahararrek tolosarren aurka.

Kontzertu multimedia gauean

Maiatza borrokan kanpaina borobiltzeko, gaueko 22:30ean kontzertua izango da Plaza Berrian, Euskal Fondoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren laguntzaz.

Mendebaldeko Sahararen aldeko ekitaldi honetan, soinua, argia eta irudiak izango dira ikusgai. Taula gainean, Oreka TX musika talde euskaldunak eta Saharan erreferente bilakatu den Aziza Brahim abeslaria eta bere taldeak musika jarriko dute. Ibarrako Alurr dantza taldeak, berriz, dantza egingo du oholtza gainean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!