Urrats «azpimarragarriak» eman dira Erosketa Berdearen inguruan

Tolosaldeko Ataria 2011ko eka. 15a, 10:45

Ekainaren 5ean Nazioarteko Ingurumenaren Eguna izan zen eta, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren koordinaziopean, hainbat ekimen programatu dituzte herritarrei begira kontsumo arduratsuago baten aldeko mezua zabaltzearren. Baina etxetik hasi behar dela diotenez, iaz Tolosaldeko udalerrietako arduradun politikoek Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen aldeko Konpromisoa sinatu zuten eta aurten, Erosketa Berdearen inguruan emandako pausoak agertu nahi izan dituzte.

Eskualde mailako Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen aldeko Konpromisoaren bidez, eskualdeko udalerriek, Tolosaldea Garatzenek eta Tolomendik erosketa eta kontratazioetan ingurumen irizpideak txertatuko dituzte, natur baliabideak aurreztu eta hondakinen sorrera murrizteko helburuarekin. 2010. urtea, abiapuntu urtea izanik, aurrerapauso txikiak baina azpimarragarriak direla esan dute.

Balantzea

Erosketa eta Kontratazio Berdearen inguruko Konpromiso Politikoa 19 udalerrik hartu zuten: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Elduain, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Orendain, Larraul, Tolosa, Villabona eta Zizurkilek; baita Tolosaldea Garatzen eta Tolomendi agentziek ere.

Ingurumen irizpideak txertatzen hasteko honako produktu eta zerbitzuak hautatu dira: papera eta argitalpenak, bulego makinak, bulego materiala, garbiketa produktu eta zerbitzuak, eta lorezaintza zerbitzuak.

Lehen ingurumen irizpidea kontsumoaren kontrola izan da udalerri hauetan. Egoera ekonomikoa dela-eta, «ez da dirua xahutzen eta beraz, asko begiratzen da zer erosten den eta zer ez» azaldu dute Tolosaldea Garatzenetik. «Hortik hasi behar gara, kontsumoa murriztea baita ingurumenaren alde har daitekeen neurri garrantzitsuena», gehitu dute.

Papera izan da lehen produktu-zerbitzua ingurumen irizpideak txertatzen. Hauek izan dira irizpideak: Paperaren kontsumoa murriztea; 100% birziklatua den papera erabiltzea;  barneko langileekin sentsibilizazio ekintzak egitea eta hornitzaileei zigilu horiek ezagutaraztea eta ingurumen irizpideak jarraitzen dituztenak hobestea.

Orokorrean, abiapuntua ez da zerotik hasten, hau da, dagoeneko herri askotan hartzen hasiak dira ingurumen irizpide minimo batzuk. Beraz, udalerriak zoriondu nahi izan dituzte ekimen honen koordinatzaileek, «aurretik egiten hasitako lanagatik». Hala ere, «produktu eta zerbitzu askotan» ingurumen irizpideak txertatzeko oraindik lan handia dagoela egiteko azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!