Datorren ekainaren 27tik aurrera, udako denboraldiari hasiera emango diote Usabal kiroldegian. Heldu nahiz gazteentzako, aurreko urteetako eskaintzei ikastaro berriak gehitu dizkiete.
Azken lau urteotan, futbol eskolak izan du arrakastarik handiena haurren artean. Uda honetan, futbol eskolaz gain, saskibaloi eskola ere izango da bigarrenez Lander Lasaren eskutik. Era berean, kirol ludotekan Usabalek eskaintzen dituen aukera guztia ezagutuko dituzte, eta txangoak ere egingo dituzte inguruko lekuetara. Azkenik, dantza eskola astelehenetik ostiralera izango da aurten, egunero bi orduko saioak eginez; askotariko dantza estiloak landuko dituzte, eta lipdub-ak egin eta taldekako koreografiak osatu ere bai.
Helduentzako eskaintzari dagokionez, Usabaleko arduradunek "udan jendeak ordutegi zehatz bati lotuta" ez duela egon nahi nabarmendu dute, eta hori dela eta, bono berezi bat sortu dute, estrainekoz. Bono honekin, nahi den ikastaroetan eta nahi den ordutegian parte hartu ahal izango dute erabiltzaileek.
Azkenik, aipatzekoa da aurten ere, kanpoko igerilekuan liburutegia izango dela. Bertan liburuak eta aldizkariak hartzeaz gain, bazkide egin ahal izango da, eta doako wifi zerbitzua eskainiko dute.