Laskorainek ez du lortu mailaz igotzea, Gazte Berriaken aurka galdu eta gero

tolosa 2011ko ekainaren 6a

Bigarren denboraldiz jarraian areto futbol festa itzela bizitu genuen joan den larunbatean Usabalen. Nazional B-tik Nazional A-rako igoera play-offeko itzulerako neurketan, Laskorain eta Gazte Berriak talde nafarra izan genituen aurrez aurre, eta bigarren denboraldiz jarraian horitxoak hainbeste irrikatzen duten igoeraren atarian gelditu ziren.

Antsoaindik hirunako berdinketa ekarriagatik, argi zeukaten ikastolakoek oso norgehiagoka korapilatsua zutela aurretik, baina itxaropentsu ziren denboraldian zehar Usabalen eskuraturiko emaitzak (13 garaipen eta berdinketa eta porrot bana) eta erori diren taldeen maila (Concepto, Soloarte, Gernika…) gogoratuta. Laskoraindar guztion etsipenerako ordea, Gazte Berriakoek itxaropen hauek goitik behera zapuztu zituzten eta 4-6 gailendu ziren, gehitutako 7-9 emaitzari esker igoera Erreinu Zaharraren bihotzerantz eramanaz merezimendu osoz.

Iaz jazo ez bezala, hori bai, aurtengoan arratsalde eguzkitsua tokatu arren, Usabalera bildutako zalegoak kirol honek berezkoak dituen hainbat ezaugarri dastatzeko parada izan zuen gutxienez: eraso jokoa, gol asko, ikusgarririk bai tartean, alternatibak markagailuan... Izan ere partida bikain hasi zen etxekoentzat, Barriola kapitainak egin baitzuen arratsaldeko estreinakoa lehendabiziko minutuan. Bisitariek, baina, amore emateko inolako asmorik ez zutela erakutsi zuten eta aurreraxeago kornerreko estrategian banakoa sartu zuten. Gil turbodieselaren bigarrenari are eta hobekiago erantzun zieten ondoren, binakoari 2-3koa erantsi baitzioten atsedenaren aitzinetik.

Beharbada play-offaren gakoa horretan egon zen: laskoraindarrek ezin izan ziotela markagailuko abantailari eutsi defentsa irmoago baten bitartez. Bi neurketetan gauza berbera gertatzeak ezin du izan kasualitatea, eta azken bi denboraldiotan hain goraipatua izan den Laskorainen defentsa zonala nafarren erasorako ez dela oztopo izan kiroltasunez onartu behar da.

Aldageletatik itzuli eta berehala, laugarrena erori zen belarrondoko baten moduan, eta bigarren zatiko minutuak nahi eta ezinezko minutuak bihurtuko ziren Javiren mutilentzat, jada berdinketak ere ez baitzuen balio.

Oztopoak oztopo, ahalegin eskuzabal eta txalogarria burutu zuten. Azken segundoraino borrokatu zuten ametsaren bila eta Gilek bere bigarrena sinatu zuen eta Ekhi Zubillagak taldearen laugarrena, baina markagailuan beti iraun zuen gutxienez bi goleko desabantailak.

Oso goibel eta burumakur amaitu zuten ikastolakoek eta ez da gutxiagorako, baina burua tentetu behar dute azkar, une txar guztietatik ikasi eta ez dute ahaztu behar Laskorain 18 denboralditan sekula egon dena baina urrutirago eraman dutela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!