Bonbereneak ateak zabalduko ditu hilaren 3an, etzi. «Piromanoek» Bonbereneako gaur egungo egoera eta etorkizunari begira planteatzen diren erronkei buruzko hausnarketa egingo dute, 19:00etatik aurrera. Hala eta guztiz ere, lehenik, Gaurko hauspoaren hatsa... biharko piromanoen errautsa film laburraren proiekzioa ikusteko aukera egongo da.
Hausnarketa Txoan Ormazabalek aurkeztuko du, eta besteak beste, ondorengo gaiak jorratuko dituzte: gaurko erronkak; Bonberenearen ingurunea eta piromanoen etorkizuna. Bertakoek hartuko dute hitza ondoren, euren gogoetak plazaratzeko.
Sormenaren suhiltzaileen aurrean izan piromano eta zabaldu sua! lelopean, herritarrak gonbidatu dituzte Bonbereneara.
Goseren kanta berria
Hausnarketaz gain, ostiralean, Gose taldearen kanta berria aurkeztuko dute Bonberenean egingo duten bilkuran. Singleak Bonberenea Sutan du izena, eta omenaldi txiki moduan egin dute. Abestia entzun nahi duenak ondorengo helbidean aurkituko du: http://www.bonberenea.com/mp3/Gose_Bonberenea-Sutan.mp3
‘Matxura’ lan berria
Bonberenea Ekintzakek, bere aldetik, Matxura taldearen azken lana kaleratu duela azaldu du.
Matxura musika egitasmo berri bat da, nahiz eta partaide ezagunak izan bere baitan. Mikel Kazalis (Estigia, Anestesia, Negu Gorriak, 2kate, Kuraia); Aitor Abio (Pilt); Fer Apoa (El Corazon de Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diaz (Censura, Anestesia, Gutural, Why not?) dira taldea osatzen dutenak. Azken bi urte hauek taldea osatzen eta abestiak egiten eta grabatzen pasa ondoren, ekainaren 23an aurkeztuko dute beraien lehen diskoa izango dena, Matxura, Bonberenea Ekintzak zigiluaren laguntzaz.
Rock industriala, punk-metal elektronikoa... azken finean, rock indartsua elementu elektronikoekin nahastuta da eskaintzen dutena. Ministry, Atari, Teenage Riot, Nine Inch Nails, Godflesh,... izan daitezke eragin batzuk, Bonberenean Ekintzaketik azaldu dutenez.