Parrillan erretako 325 bisigu zerbitzatuko dituzte Tolosako Bisiguaren festan

tolosa 2011ko maiatzaren 30a

Bisiguaren festa ospatuko dute Tolosan, ekainaren 11n eta 12an. Txinparta elkarteak, «aurreko bi edizioetan lortutako arrakasta» ikusita, hirugarrenez jaialdia antolatu du Tolosako eta Orioko udalekin elkarlanean. Orioko hiru sukaldarik, 325 bisigu inguru erreko dituzte, 650 lagun ingururentzat.

Jaialdiaren antolakuntzaz arduratu den Txinparta elkarteko lehendakari den Jose Mari Etxeberriaren hitzetan «jendeari hain preziatua den produktua gerturatu nahi diogu, era egokian sukaldatutakoa, parrillan aritzen diren onenen eskutik eta era tradizionalean, zuzenean parrillan jarrita». Etxeberriaren arabera, «bisigu freskoa eta goi mailako kalitatezkoa» dastatu ahal izango da Tolosan. Gainera, «arraina nola prestatzen duten ikusi eta produktuaren kalitatea egiaztatzeko aukera izango du edonork».

Galiziako produktuak

Galiziako gastronomiari ere leku berezi bat eskainiko diote festa honetan; eta ostiraletik igandera bitarte,  Trisquele Galiziako etxeko kideek karpa handi bat ezarriko dute, Triangulo plazan, beren lurraldeko produktu tipikoenak erakusteko eta probatzera emateko: olagarroak, muskuilu eta datil freskoak, albariño eta ribeiro ardoak, eta postre gozoak egongo dira, besteak beste.

Horrez gain, Queimada dastatzeko aukera ere izango da larunbat gauean, eta baita gaitaren soinuarekin eta dantza folklorikoarekin gozatzeko ere.

Tolosako Alardea

Aipatu ekitaldiez gain, beste kultur ekitaldi batzuk ere antolatuko dira. Ekainaren 12an, adibidez, Tolosako Alardea ospatuko da, 1813an frantsesen inbasioari aurre egiteko hiribilduan  egin zen oroigarri gisa. 12:00etan tropen desfilea irtengo da, eta ekitaldia Nafarroako zubian eta zerkausian burutuko dira. Bestalde, Tolosa Berdez III ekimenak bultzatuta loreen eta landareen erakusketa antolatu dute . Hori dela eta, salmenta postuak egongo dira igandean Gazteluko arkuan, Plaza zaharrean, Santa Marian, Euskal Herrian eta Berdura enparantzan. Larunbat arratsaldean, Topic eta Leidor antzokietan antzerki saioak egingo dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!