Eskualdeko hainbat herritan, Bildu koalizioak aurkezpen ekitaldiak egin ditu pasa den asteburuan. Amezketan eta Iruran, herri programak aurkeztu dituzte. Anoetan, berriz, Bilduk antolatutako hainbat ekitaldi izan dira maiatzaren 22ko hauteskundeak direla eta.
Iruran, ostiralean aurkeztu zituzten datorren legealdirako dituzten asmo eta proiektuak, eta ondorengo puntuak nabarmendu zituzten: babes ofizialeko etxebizitzak nahiz tasatuak, hondakin eta kontsumo jasangarria bultzatzea, trafiko astuneko arazoa konpontzea, udalaren eta herritarren arteko tartea murriztea, berdintasuna, hirugarren adinekoentzako aurrekikusita dagoen egoitza baliatzea, eta kulturan nahiz kiroletan partekatze lanak martxan jartzea, beste lekuetako ohiturak ezagutzeko. Bide beretik, Irurako xarea eta euskara bereziki zaindu beharreko «altxorra» direla nabarmendu zuten. Azkenik, ostiral honetan, 21:00etan, herri afaria ospatuko dute.
Anoetan, ostiraletik igandea bitarteko egitarauaren barruan, igande eguerdian izan zen Bilduko zerrendaren aurkezpen ofiziala. Ostiralean, maiatzak 13, Esne Beltzaren kontzertua izan zen gaztetxean. Larunbatean, berriz, bertso saioa ospatu zuten auditorioumean; Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Jon Maia izan ziren bertsolariak, eta Amaia Agirre gai jartzaile lanetan aritu zen.
Igandean, azkenik, pilota partidekin hasi, eta zerrendaren aurkezpen ofiziala eguerdiko 12:00etan egin ondoren, sagardo dastaketa, txekor jatea eta erromeria ere izan ziren.
Amezketan, lau ardatz nagusiren gainean osatu dute herri programa: nekazaritza eta ingurugiroa, kultura, ongizatea eta hirigintza. Besteak beste, zaborren eta uren kudeaketa, lehen sektoreari lehentasuna ematea, kultur eskaintza zabaltzea, euskara indartzen jarraitzea, herri kirolak sustatzea, erreka bainurako egokitzea, etorkinak herritar sentiaraztea, emakumezkoen egoera ezagutzea eta etxebizitza eskubidearen alde egitea izango dira helburu nagusiak.