Etzi azokan, Kilometro 0 ekimenaren beste jardunaldi bat izango da Zerkausian. Kasu honetan, Donostiako Ilarra jatetxeko eta Astigarragako Roxario jatetxeko sukaldariak izango dira prestaketa lanetan.
Betiko moduan, Zerkausiko postuak ikusi eta garaiko produktuak erosi ondoren, Joxean Eizmendi (Ilarra jatetxea) eta Txaro Zapiain (Roxario jatetxea) goizean goiz hasiko dira lanean.
Oraingo honetan, aukeratutako produktuak ez dituzte Zerkausian bertan maneatuko; Solana 4en parean arituko dira jakiak prestatzen. Ondoren, azken emaitza herritarren artean banatuko dute, beti bezala, 11:30inguruan.
Ilarra, protagonista nagusia
Kilometro 0 ekimenaren jardunaldi honetan, ilarra izango da Joxean Eizmendi eta Txaro Zapiain sukaldariek erabiliko duten oinarrizko produktua; plater desberdinak prestatuko dituzte ilarra erabilita. Biharkoan, gainera, sukaldariek prestatutako mokaduak dastatzerakoan, herritarrek txanpon batzuk uzteko aukera izango dute, Etiopiako jangela solidarioaren alde jarriko duten itsulapikoan.
Aipatzekoa da sukaldari hauek betidanik lan egin izan dutela, garaia denean, lekale honekin. Izan ere, Gipuzkoako lurzoruaren eta klimaren berezitasunak medio, leku egokia da ilarren ekoizpenerako.