Bandera espainiarra jarri dute Tolosako epaitegian

tolosa 2011ko maiatzaren 3a

Lau bandera jarri berri dituzte Tolosako epaitegian; tartean espainiarra. Azken hiruzpalau asteetan, eta Eusko Jaurlaritzak hala erabakita, Euskal Autonomia Erkidego osoko epaitegietan ezarri dituzte lau bandera: ikurrina, Espainiako bandera, Europako bandera eta Foru Aldundikoa. Gipuzkoan, zehazki, dauden sei barruti judizialetan ezarri dituzte banderak: Tolosako epaitegian bezalaxe, Donostian, Irunen, Eibarren, Azpeitian eta Bergaran. Hain zuzen ere Bergaran, burua estalita zuten bi lagunek su eman zioten Espainiako banderari, pasa den ostegunetik ostiralerako gauean.

1981eko Banderen legea

1981eko urriaren 28an, Juan Carlos I.a erregeak eta Leopoldo Calvo Sotelo Gobernuko presidenteak, 39/1981 legea sinatu zuten, Banderen legea hain zuzen. Bertan, Espainiako banderaren erabilerarako hainbat arau zehaztu zituzten, banderako oihalaren koloreetatik hasita, neurri edo armarrien erabileraraino. Lege honetan aurki daiteke, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan banderak jarri izanaren arrazoia.

Hirugarren artikuluko lehenengo puntuak horrela dio: «Espainiako banderak airean ibili beharko du kanpoaldean, eta lehentasunezko lekua hartu beharko du estatuko administrazio zentral, instituzional, autonomiko edo herri-administrazioetako eraikinetan». Bide beretik, laugarren eta bosgarren artikuluek, autonomia erkidegoetan, edo udaletxe nahiz foru aldundietan, bandera hau Espainiako banderarekin batera erabili behar dela diote. Azkenik, aipatzekoa da 2007ko uztailaren 24an Auzitegi Gorenak epaia eman zuela lege honen inguruan, Espainiako banderak «egunero eta iraunkortasunez airean ibili behar» duela esanez. Eusko Jaurlaritzak, beraz, banderen legeari jarraituz ezarri ditu , azken hiruzpalau asteetan, EAEko epaitegietako banderak.

Eskualdeko egoera

Epaitegiko bandera jarri baino lehen, Guardia Zibilaren kuartelekoa zen Tolosan ikus zitekeen bandera espainiar bakarra; Leitzan ere, egoera berean daude.

Eskualdean, berriz, Lizartza da bere udaletxeko balkoian Espainiako bandera zitzilika duen herri bakarra. 2007ko udal hauteskundeetan, EAE-ANVren ilegalizazioaren ondoren, eta EAJk bozka zuria eskatuta, PPk irabazi zuen alkaldetza 27 bozkarekin. Horrela beraz, Regina Otaola alkateak, Espainiako bandera zintzilikatu zuen balkoitik, ikurrinarekin eta herriko banderarekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!