Duatloiaz lagun artean gozatzeko aukera izango dute tolosarrek larunbatean

tolosa 2011ko mai. 3a, 17:08

Hamargarrenez ospatuko du Tolosaldeko Triatloi Taldeak, Javier Urkolaren omenezko duatloia. Larunbat honetan izango da, maiatzaren 7an, arratsaldeko 17:00etan hasita.

2002. urtera bitarte sei duatloi jarraian egin zituzte arren, eten txiki bat izan zuten TTTko taldekideek, eta 2008an berriro hasi ziren proba antolatzen. Aurten, antolatzen duten hamargarren proba dela eta, ekitaldi berezi bat izango da, gainera.

Larunbateko duatloian egin beharreko probak «xamurrak» direla diote antolatzaileek. Horrela, erabat laua den ibilbidea izango da burutu beharrekoa. Lehenik eta behin, parte hartzaileek bi kilometroko egin beharko dituzte korrika, herriko Alde Zaharreko kaleetan barrena. Lehenengo korrika saio amaitu eta gero, bizikleta hartu beharko dute, Tolosatik Anoetarako joan-etorria hiru aldiz egiteko; 15kilometro guztira. Amaitzeko, beste bi kilometroko ibilbidea egingo dute Alde Zaharrean.

Aurten, duatloiko gune nagusia Plaza Berria izango da. Han egin beharko da izen-ematea, eta era berean, han bilduko dira partaideak probaren hasieran. Bizikletak uzteko lekua ere Plaza Berria izango da, eta duatloiaren beraren helmuga ere han izango da, bigarren korrikaldiaren ondoren.

Izen-emateak larunbatean bertan egingo dira, eta 5 euro ordaindu beharko ditu parte hartzaile bakoitzak; bakarka, bikoteka nahiz hiru kide edo gehiagoko taldetan parte hartu ahal izango da.

Gaztetxoenak ere kirolari

2011ko duatloi honetan, gaztetxoenek ere izango dute beren lekua. Izan ere, TTTk txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen jarduera hau ezagutzeko aukera eman nahi die belaunaldi berriei. 12 urte bitarteko neska-mutilek parte hartu ahal iznago dute, eta honakoa izango da burutu beharko duten ibilbidea: Plaza Berritik Arostegieta kalera, eta hemendik Atadi kaleraino igo ondoren, Errementari kalerik barrena Plaza Berrira jaitsiko dira berriro ere. Ibilbidea hau korrika egingo dute hasteko, gero bizikletan, berriro ere korrika egingo dute azken itzulia.

Probaren amaieran, irabazleen ez dute diru saririk jasoko. Tolosaldeko Triatloi taldearen helburua lagun artean kirolaz gozaraztea da, eta bide horretan, kirol sorten zozketak, afari zozketak eta antzekoak egingo dituzte ekitaldia amaitutakoan.

Javier Urkola omenduz

Javier Urkola orain dela hamabost urte zendu zen, 1996. urtean. Istripua izan zuen ibilgailu batekin, bizikletan entrenamendua egiten ari zela.

Tolosaldeko Triatloi Taldeko kideek, Urkolak gazteak kirolaren munduan murgiltzeko egin zuen lana azpimarratu nahi izan dute, eta baita herri mailako kirol probetako parte hartzea sustatu zuen modua ere.

Tolosaldeko Triatloi Taldeak, Javier Urkola bera omendu nahian, hain justu berak irakatsitako baloreak izan dituzte oinarri, jada hamargarrenez ospatuko duten ekitaldia antolatzerakoan: «datozen belaunaldietako kide berriei ere irakaspen horiek helarazi nahi dizkiegu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!