Auzitegi Gorenaren epaia politikoa dela uste du eskuldeko eragileen gehiengoak

tolosa 2011ko mai. 2a, 19:14

Espainiako Auzitegi Gorenak Bilduko zerrenda guztiak baliogabetu ditu. Datorren ostegunean, maiatzaren 5ean, Auzitegi Konstituzionalak, bere aldetik, behin betiko erabakia hartuko du koalizioaren inguruan. Honen aurrean, Amasa-Villabonako Bilduk, Auzitegi Gorenaren gertaeraren larritasuna nabarmendu nahi izan du. Era berean, «egoera honi herri bezala aurre egin behar» zaiola azaldu dute, «iruzur honi iniziatiba politiko eta demokratikoekin erantzuteko».

Bilduren baliogabetzeak, eskualdeko bi herritara ondorio zuzenak ekarri ditu. Elduainen eta Orexan PP izango da indar politiko bakarra, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetzea berresten badu. Herri hauetan, bozken %5a lortu beharko du PPk.

Gaur, elkarretaratzeak izango dira eskualdeko herri gehienetan, Eskubide guztien alde, ilegalizaziorik ez! lelopean, taulan ikus daitekeen moduan.

Elkarretaratzeak

Tolosa. 20:00etan Plaza Zaharrean.

Ibarra. 19:30ean udaletxe aurrean.

Leaburu. 20:00etan plazan.

Villabona. 20:00etan plazan.

Zizurkil. 20:00etan Joxe Arregi plazan

Anoeta. 19:30ean plazan.

Alegia. 19:30ean plazan.

Amezketa. 19:30ean Abaltzisketako bidegurutzean.

Ikaztegieta. 20:30ean zubian.

Leitza. 20:00etan udaletxe aurrean.

Erreakzioak

«Ados egon edo ez, argitu beharra dago»

Joxe Miguel Goikoetxea

UPN

«Ez da ezer aldatu. Errekurtsoa jarrita dago Konstituzionalean. Beraz, hortik pasatu arte zer iritzi emango dugu guk? Nik betikoa esango dut: ados edo ez, baina argitu beharra dago. Guk, UPNtik itxaron egin behar dugu. Badaramatzagu hogei urte itxaroten. Beste urte batzuk gehiago egoteagatik ez dio axola.»

«Sententzia politiko hutsa da, eta deskonfiantza sortzen du»

Javi Telleria

Hamaikabat

«Espainiako Estatuak bere demokraziarekin jokatzen du. Ideiak ilegalizatzen dituzte, eta ez alderdiak bakarrik. Eta hori oso arriskutsua eta larria da. Jakin nahiko nuke Espainia guztian zerrendak Bildurenak bezala begiratuko balituzkete, zer pasako litzatekeen. Denak ilegalizatuak egongo ginateke!

Sententzia politiko hutsa da eta deskonfiantza handia sortzen du. Dena den, guztia hauteskunde bezperan izatea susmagarria da. Jokatzen ari dira.»

«Erabakiaren aurka dauden beste alderdiak zer egiteko prest dauden jakin nahi dugu»

Oihana Lopetegi

LAB sindikatua

«Guk argi ikusten duguna da, gatazkaren alde bat pausoak ematen ari dela, eta beste aldetik, horrelako erabakiak hartzen direla. Argi ikusten dugu ez dela erabaki juridiko bat izan, erabaki politiko ba da hartu dutena. Euskal Herriko oinarri sozial handi bat hauteskundeetatik kanpo uzteko apustua egin dute. Azken asteotan analisi politiko mordoa entzun dugu, eta esan bezala, erabakia politikoa da. Gu argi eta garbi erabakiaren aurka gaude, eta datozen hauteskundeetan legez aurkezteko aukera duten, eta erabaki honen aurka dauden alderdi politikoak, zer egiteko prest dauden jakin nahi dugu. Pausoak emateko garaia da, eta beraiek ere konpromisoak hartu behar dituzte».

«Demokraziari eta euskal gizarteari egindako iruzurra da»

Onintza Lasa

EA

«Oso albiste txarra eta larria da. Berriro ere, atzetik, bultzada eta interes politiko nabari bat dagoela ikusten da. Demokraziarenak diren oinarri-oinarrizko eskubide batzuei eraso zuzena egin zaie: hainbeste pertsona aukerarik gabe geratzea, egiten zaizkien salaketez gain. Hau iruzur egitea litzateke, bai demokraziari eta baita euskal gizarteari ere, jende asko eta askoren aukera bat kanporatu nahi baita. Eusko Alkartasunatik argi dugu aurrera jarraitu behar dugula gure tresna guztiekin, egoera honi aurre egiteko, behar den lekuetan salatuz. Eta noski, beti gure bide politiko eta demokratikoak aplikatuz. Ezin dugu isilik egon horrelako injustizia baten aurrean. Aurrera egingo dugu, hauteskundeez haratago, herri honen bakea eta normalizazioa jokoan daude eta».

«Zer egin behar du ezker abertzaleak hauteskundeetan egoteko?»

Jokin Bildarratz

EAJ

«Egonezina, pena handia… hori izan da nire lehen pentsamendua. Hauteskunde batzuetan, demokraziaren barruan, parte hartzeko aukera goreneko elementu bat da, nahiz eta ez den bakarra. Alderdi bakoitzak bere mezuak, ildoak edo estrategiak plazaratzen ditu eta gero gizarteak aukeratzen du. Hori puskatzen denean, sistema demokratikoak ikaragarrizko gabezia azaltzen du. Zer egin behar du ezker abertzaleak hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko? Hasieran, indarkeria gaitzestea eskatu zitzaien; gero, Batasunarekin zerikusirik ez izatea… Orain indarkeria gaitzesten ari dira, idatziz ere egin dute. Zer gehiago egin behar dute? Honek ez du ez hanka, ez buru.

Nire ustez, akatsa oinarri-oinarrian dago: Alderdien Legean. Interesen araberako garapena izan du, eta orain horren ondorioak jasaten ari gara.»

«Lotsagarria da auzitegi batek horrelako erabakiak hartzea»

Antton Carrera

Ezker Batua

«Argudio juridiko bakar bat ere ez dago, denak politikoak dira. Alde horretatik, benetan lotsagarria iruditzen zait auzitegi batek honelako erabakiak hartzea. Hemen lehenago ere gertatu dira, eta berriro berdin gaude. Egoera benetan juridikoki aztertu ondoren, ez dago arrazoirik baliogabetzeko. Beraiek suposizio batzuk dituzte, eta horixe da beraien argudio guztia».

«Konstituzionalak erabakia bertan behera utzi behar du»

Iñaki Irazabalbeitia

Aralar

«Gorenaren erabakia ikuspegi demokratikotik erabat onartezina da, eskubide oinarrizkoena, aukeratua izatekoa, urratu egiten baitu. Euskal gizartearen zati adierazgarri bat, gainera, hauteskundeetatik kanpo utzi nahi dute PP eta PSOEren interes elektoralengatik. Erabaki honek ez dio mesederik egiten ez bake, ez normalizazio politikoaren prozesuari ere. Auzitegi Konstituzionalak lotsa demokratikorik baldin badu, erabakia bertan behera utzi beharko luke».

«Muga guztiak gainditu dituzte honekin»

Egoitz Iturbe

ELA sindikatua

«Onartezina da. Prozesu demokratikoek ez dute horrelako jarrerarik onartzen, eta muga guztiak gainditu ditu honek».

«Guk lanean jarraituko dugu»

Gorka Lizaso

Alternatiba

«Ikusita zegoen Auzitegi Konstituzionalera jo beharko genuela. Guk, hala ere, lanean jarraituko dugu gure programak aurkeztuz. Ziur gaude hauteskundeetan egon, egongo garela».

«Garbi jokatzen dutenek parte har dezatela»

Oscar Renedo

PSE-EE

«Guk, besteetan bezala, epaia onartu eta errespetatu egiten dugu. Garbi jokatzen duten guztiek parte har dezatela. Denok jokatzen dugu karta berdinekin. Ez du balio markatuta dauden kartekin edo legalak ez diren kartekin sistema demokratiko batean parte hartzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!