Araxesko X. mendi martxan parte hartzeko izen-emate epea zabaldu dute jada. Aurten, 20. aldiz ospatuko dute mendi ibilaldia, eta lehen aldiz, Euskal Mendi Federazioko iraupen luzeko zirkuitoaren barruan da Amaroz Auzo Elkarteak datorren maiatzaren 29rako antolatutako mendi ibilaldia.
Mendizaleek burutu beharko duten ibilbideak 42 kilometroko luzera izango du, eta, gutxi- gorabehera, 2.000 metroko desoreka dago bidean. Antolatzaileek 10 orduren bueltan mendi martxa bukatzea aurreikusi dute.
Araxes ibaiaren arroa zeharkatuko du arduradunek markatutako bideak: Amaroz, Ollaun, Altzo, Otsabio, Trikuharri bide, laparmendi, Illarrazu, Zarateko lepoa, Azkarate, Atallo, Arribe, Santa Barbara, Gorriti, Musaio, Merku, Ulizar, Uli, Gaztelu, Leaburu, Zazpi bideak eta Amaroz.
Maiatzaren 29an, beraz, irteera Amaroztik izango da, goizeko 07:00etan. Janaria eta edaria hartzeko aukera ere izango da, antolatzaileei egokienak iruditu zaizkien ibilbideko puntuetan.
Izena aurrez eman daiteke mendi martxan parte hartzeko, www.zirkuitoa.com web orrian, maiatzaren 29ra bitarte. Era berean, irteera egunean bertan izena emateko aukera izango du nahi duenak.
Hogei urtez lanean
Amarozko Auzo Elkarteak bi urtez behin antolatu ohi du mendi martxa, eta jada hogei urte daramatza jardun horretan.
Aurten, Amarozko Guraso Elkartearen lekukoa hartu du Amarozko Mendi Taldeak, eta azken hauek antolatu dute guztia lehenengoz. Hau dela eta, Araxesko Mendi Martxa herri edo eskualde mailako ibilaldia izatetik, Euskal Herriko mendizale guztientzako hitzordua izatera pasako da; Euskal Mendi Federazioko iraupen luzeko martxen zirkuitoan sartu da Araxesko X. Mendi Martxa. Antolatzaileek, sekula baino parte-hartzaile gehiago espero dituzte, beraz, ibilaldia zerrenda ofizialean sartu baita.
Gipuzkoako Mendi Federazioko kide izateko aukera eskaintzen diete auzotarrei, eta bide beretik, mendi irteerak antolatzen dituzte. Amarozko Mendi Taldeari buruzko informazio zabalagoa aurki daiteke http://sites. google.com/site/amarozmendia helbidean.