Realak bere lehen liga 1980-81eko denboraldian lortu zuen. Apirilaren 26a zen eta Zamorak, azken jardunaldiko partidaren azken segundoetan, berdinketaren gola lortu zuen, El Molinon futbol zelaian. Puntu hark liga eman zion Realari, eta gertaera horrek gaur 30 urte bete ditu. Sporting de Gijon taldearen aurkako partida hartan egon zen Periko Alonso (1953, Tolosa).
Gaur beste egunetan bezala esnatu al zara?
Hasieran ez. (Barreak)
Baina gero komunikabideetatik deika hasi zaizkizu eta...
Aurrez jakinaren gainean jarriak ginen. Hasieran egunari normal ekiten diozu baina gero gauzak gogoratzen hasten zara, pixkanaka.
Eta zer etorri zaizu burura, partida bera?
Ez. Egun haiek oro har: oso politak izan ziren. Jendearen poza eta ilusioa... hori da gehien balio duena.
Garaipena Tolosaldean eta Gipuzkoa osoan ospatu zela idatzita dago.
Eta horrela izan zen. Oso ongi ospatu genuela gogoratzen dut. Itzulerako bidaia hura izugarria izan zen; egundokoa. Lehen esan bezala, jendeak zuen pozak balio zuen gehiena.
Zamorak gola sartu zuenean, zer pentsatu zenuen?
Berriro ere liga bazihoala pentsatzen hasita nengoen; nire buruari horrela esaten nion. Baina azkeneko momentuan horrela irabaztea... ezin da hitzekin azaldu, hori bizi egin beharra dago.
Zure kirol ibilbideko unerik politenetakoa izango zen, ezta?
Politena, zalantzarik gabe.
Talde hartako jokalarien artean harremana mantentzen al duzue?
Mantentzen dugu, nahiz eta gehiegitan ez elkartu. Gaur adibidez, ETBra joatekoak gara eta taldeko lagunekin hor elkartuko naiz.
30 urte igaro dira eta gauzak asko aldatu dira; Atotxa futbol zelaia da horren adibide garbiena.
Atotxak bere giroa zuen, eta hori oso berezia zen. Baina gauzak aldatu egiten dira eta orain Anoeta dago. Badirudi aldaketa batzuk egitekotan direla, eta ea nola gelditzen den.
Egungo Reala nahiko pattal dabil, bigarren mailara jaisteko muga horretan.
Ez da erraza. Nire ustez denboraldi oso ona egiten ari dira eta seguru salbatuko garela. Merezi dutela uste dut gainera, baina denak bezala, urduri gaude. Taldeek asko jokatzen dute eta ongi dakigu lehen eta bigarren mailaren arteko aldea zein den. Guk talde gaztea dugu, etorkizunekoa.
Garai hartakoen kasta faltan botatzen duenik ere bada.
Lopez Ufarte, Zamora... ez dut uste kasta bakarrik zenik, teknika eta kastaren arteko nahasketa bat zen; oreka zegoen. Baina gauzak aldatu egin dira, gizartea aldatu den bezala, eta dena lotuta doa. Ez da kasta falta, futbola aldatu egin da eta kitto. Eta ahalik eta egokien, horretara moldatu beharra daukazu.
Zure semeak, Xabi Alonsok, partida garrantzitsua jokatuko du asteazkenean Bartzelonaren aurka, Txapeldunen Ligan. Nola aurkitzen da?
Egunero hitz egiten dut berarekin eta lasai ikusten dut. Nahiko ondo daude, baina Bartzelonaren aurka jokatzen dute, eta badakigu txiki horiek zer egiteko kapaz diren.
Horiena bai teknika hutsa.
Teknika, kasta eta... dena. Horiek osotasunean osoenak dira. (Barreak).