Barraskiloak Tolosako lasterketarako prestatzen ari dira

Ataria 2011ko apirilaren 19a

Lehen aldiz egingo da Tolosan gisa honetako karakol lasterketa bat, beraz, udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertan parte hartzera, «goiz atsegin eta dibertigarria igaroko baitugu. Animatu eta parte hartu zuen lagunekin batera!».

Karakol lasterketa igande honetan egingo dute, hilaren 24ean, Tolosako Trianguloa plazan. 11:00etan hasiko da hiru fase edukiko dituen lehia bitxia. Karakolak norberak eman ditzake, baina udalak ere jarriko ditu eskuragarri, parte hartu nahi duenarentzat.

10.000 barraskilo

Bihartik hilaren 25era Karakol Saltsa izenburupean, egitarau oparoa antolatu du Tolosako Udalak hainbat eragilerekin elkarlanean. Ekitaldietako izarra karakola izango da. Lasterketaz gain, gastronomiarekin loturiko ekimenak egongo dira, eta garai bateko tradizioari eutsiz, karakolak jateko aukera izango da. Hilaren 24ean, batzuk Karakol lasterketaz gozatzen ari diren bitartean, besteak karakolada erraldoia prestatzen ariko dira. Horretarako, 10.000 barraskilo erabiliko dituzte. Azkenik, herritarren artean banatuko dituzte.

Menu eta pintxo bereziak

Tolosaldeko hainbat tabernak eta jatetxek, Karakol Saltsa ekimenarekin bat eginez, pintxo eta menu bereziak eskainiko dituzte Aste Santuko bost egunetan. Parte hartzen duten zazpi jatetxeen kasuan, bere baitan karakol platera duen menu bera eskainiko dute.

Tabernetan, berriz, pintxoa eta ardoa eskainiko da 2,50 euroren truke. Jatetxeetan ez bezala, hauetan bakoitzak pintxo zehatz bat prestatu eta eskainiko du, eta honi laguntzeko ardoa ere espreski aukeratua izango da.

Hauek dira zazpi jatetxeak: Tolosako Astelena, Beti Alai, Botarri, Fronton eta Hernialde; Berrobiko Iriarte eta Amasako Iturri Goxo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!