Oinak astintzeko garaia da

tolosa 2011ko apirilaren 13a

Udaberri Dantza Taldea 1957. urtean sortu zen, eta orain lau urte, 50. urteurrena ospatu zuten taldekideek. Urtemuga hura girotzeko, hiru urte lehenago hasi ziren erromeria antolatzen, Tolosan euskal dantza eta musika zabaltzeko asmoz. Hasiera batean, taldekideak eta lagun gutxi batzuk soilik hurbildu ziren trikitixa doinuekin afaldu eta oinak astintzera, baina azken urteotan 120 lagun inguruk parte hartu izan dute Abastos eraikin zaharretik Zerkausira lekualdatu den erromerian.

Udaberrik, ordea, ez zukeen mende erdiko ibilbide luzea egingo, haur eta gaztetxoen harrobirik gabe. 2006. urtean, horrela, lehen aldiz ospatu zuten Tolosako Dantzari Txiki Eguna. Lehen urtean, Udaberriko ikasleez gain, Hendaia, Iruñea eta Galdakaoko dantzariek ere parte hartu zuten. Udaberriren nahia, ordea, Euskal Herri osoko dantza, jantzi eta doinuak plaza berean biltzea zen.

2007. urtetik aurrera, Euskal Herriko txoko bakoitzetik talde bat etorri izan da Tolosako dantzari txikien topaketa honetara: Andra Mari (Galdakao), Hortzadar (Iruñea), Guria (Hendaia), Eguzkilore (Gasteiz), Adurtza (Gasteiz), Berriztasuna (Portugalete), Aurrera (Leitza), Otsagiko dantzari gazteak, Agoitzeko dantzari gazteak, Haurtzaro (Oiartzun) edo Hernialdeko dantzari txikiak, besteak beste.

Euskal folklorearen osagaiez beteriko eguna goizean goiz hasten da, dantzari txikien kalejirarekin. Hamaiketakoaren ondoren, dantza laburrak egiten dituzte bai Alde Zaharrean, baita San Frantzisko pasealekuko inguruetan ere. Eguerdian, Plaza Berrian bildu, eta antolatzaileek, Tolosaldeko elkarte desberdinetan banatzen dituzte haur eta gaztetxoak. Tripa ondo betetzeaz gain, herri desberdinetako dantzari txikiek elkar ezagutzeko aukera izaten dute.

Arratsaldean, gaztetxoenen festari amaiera emateko, dantza talde bakoitzaren herri edo bailarako pausorik bereizgarrienak ezagutzeko aukera izaten da Plaza Berrian; emanaldi nagusia izaten da 17:00ak inguruan.

Iluntzean, helduen festa

Garai batean erlijiozko ohitura zen erromeria; ermita edo baselizen inguruan ospatzen zituzten jaiak ziren, normalean trikitixa edo eskusoinu baten laguntzaz. Hain zuzen ere, elizak berak eta elizgizonek tabutzat zituzten gizon eta emakumeen arteko harremanak sortzeko aukera izaten zen erromerietan, fandango eta arin-arinen pausoen babesean.

Gaur egun, halako debeku edo bekatuen zamarik gabe ospatzen dituzte trikitixa eta pandero doinuz lagundutako festak, eta hauxe da Udaberri dantza taldeak larunbaterako prestatu duena. Gure arbasoen ohituretatik abiatuz, gaur egungo haur, gazte nahiz helduak dantza egitera gonbidatu nahi izan dituzte Udaberriko antolatzaileek, azken zazpi urteotan.

Triki-poteoa triki-txaranga-poteo bilakatu da erromerian, eta Alde Zaharreko larunbat iluntzeetako berezko giroari, musika z eta dantzaz lagunduko diote. Zerkausian afaldu ondoren, trikitixa doinuak izango dira nagusi, eta festak goizaldera arte iraungo du. Larunbatean, egun osoz, euskal dantza protagonista izango da Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!