Teatre Nu talde kataluniarrak Aitona Matias txotxongilo emanaldia eskainiko du Topic-en, datorren larunbatean, hilaren 16an.
Bizitzen hasi berria den Nora neskatoaren eta bizitza luzea duen Matias aitonaren arteko harremanari buruzkoa da lana, eta Noraren begietatik jarraituko dute istorioa bertaratuek. Honek, bere aitonak memoria nola galtzen duen kontatuko du, eta jada ikasteko gaitasunik ez duela ikusiko du: aitona Matiasek alzheimer gaixotasuna du. Ikusleak, beraz, haur baten ikuspuntutik ezagutuko du alzheimerraren gaixotasuna.
Aitona Matias ikuskizunak aiton-amonen oroimenari eutsi nahi dio, eta baita neskatxaren bizitzeko gogoa azpimarratu ere.
Emanaldia larunbatean izango da, arratsaldeko 18:00etan, Topic-en. Sarrerak 4 eurotan salduko dituzte haurrentzat, eta helduek berriz, 7 euro ordaindu beharko dituzte.