Baserriaren eta herriaren arteko zubiak berreskuratu nahi ditu EHNE sindikatuak

tolosa 2011ko apirilaren 11

Gipuzkoako EHNE-k seigarren batzarra egin zuen pasa den igandean, Topic-en. Bertaratutako afiliatuek, aho batez onartu zuten ‘Baserria osasun iturri’ lelopean aurkeztu zuten txostena.

Ponentzia honek hainbat berrikuntza ekarriko dizkie sektoreko langileei, izan ere, baserritarren sindikatuak «datozen hiru urteotarako inflexio puntua» ezarri nahi du, «nekazaritzaren sektorea biziberritzeko formulak aurkitzeko konpromisoa hartuz».

Sindikatuko arduradunek diotenez, Europar Batasunak eta gainerako erakundeek nekazaritzaren sektorean ezarritako ereduak «porrot egin du», eta honek bultzatu ditu eredu berrien bila.

Erakunde publiko desberdinek nekazaritza eredu intentsiboa proposatu zuten, eta honek lanpostu galera «izugarria» ekarri du lehen sektorera, EHNEkoen arabera: «honen aurrean, guk geuk aurrea hartzea egokiena dela pentsatu dugu». Horretarako, baserritar guztien errealitate eta eguneroko egoerak kontuan izan dituzte, «baserritarrek inoiz baino batuago egon behar baitute».

Besteak beste, Gipuzkoako EHNEko kideek ezinbestekotzat jo dute lurrari lotutako nekazaritza egitea, eta era berean, herriari lotutako nekazaritza ere egitea: «herria oso-oso gertu dauka baserritarrak, baina askotan ez du harremanik izaten herriarekin; harremana eten egiten da». Beraz, baserritarren eta kaletarren artean etendako zubiak berreskuratu nahi ditu sindikatuak: «jendeak ez du beti baserriko lanak eskaintzen duen guztia baloratzen. Azken batean, baserriak onura asko eskaintzen ditu: kalitatezko elikagai freskoak, biodibertsitatearen zaintza, arrisku naturalen prebentzioa, eta abar». Honegatik guztiagatik, nekazariek garbi azaldu nahi dizkiote gizarteari, euren sektoreak dakartzan onura guztiak. EHNE sindikatuarentzat baserria eta bertako lana beharrezkoa da, eta horregatik diote osasun iturria dela.

Hurrengo urteetako erronka

Datozen hiru urteetarako erronka moduan hartu du EHNE sindikatuak ‘Baserria osasun iturri’ txostenaren edukia: «onartutako ponentzia azken hilabeteotan sindikatuan izandako hausnarketa prozesu sakon baten ondorioa da, eta batzar orokor honen aurretik, bailara desberdinetako nekazariak bildu dira».

Horrekin batera, sindikatuaren antolamendua berritu dute, eta Bego Aristi tolosarrak lehendakariorde postua hartu berri du. Era berean, Axier Aristi, Iñaki Sorarrain eta Amelia Jauregi ere exekutibako kide izango dira aurrerantzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!