http://www.youtube.com/watch?v=ObKiaepgX_0
Emakumezkoa eta genero ikuspegia izango da Aranburu jauregiko ardatza apirilean. Lehenengo solairuan, emakume baten eskuetatik irtendako margoak dira ikusgai. Naroa Armendariz iruindarraren Perla pinturak erakusketak, sentimendurik onenak nahiz mingarrienak islatzen ditu, koloreen bidez.
Armendarizek metafora baten bidez izendatu du bere erakusketa: «gauza mingarrien adierazpenetik gauzarik ederrenak sor daitezke», dio. Ekialdeko kulturetan perlen sorrera prozesua metafora gisa erabiltzen dute; izan ere, perlak, itsas maskorraren gorputz bigunaren barruan sartutako partikula arrotz batek sorturiko erreakzio baten ondorioz sortzen dira. Maskorrek, erreakzio hau, babes gisa erabiltzen dute erasoen aurrean. Margolariak berak ere, ere gauza bera egin du: hasiera batean mingarriak diren sentimenduetatik abiatuz, perlen antzeko pintura ederrak sortu ditu. Zirrara eta emozio txarrenetatik ateratako kolore eta marrazkiek, beraz, perla horien izaera hartu dute.
Marra deformatuak, erritmo desberdinak eta koloreen indartze eta ahultzeak dira koadroetako oinarri, eta espresionismo abstraktuaren askatasunaz baliatzen da Armendariz. Aipaturiko sentimenduez gain, bestalde, giza gorputzaren mugimenduak ere inspirazio iturri izan ditu artista iruindarrak.
Adituen arabera, espresionismo abstraktuak mugimendu eta pintzelkada bortitzak eman ohi ditu, baina Naroa Armendarizek lan berritzaileak aurkezten ditu Perla pinturak erakusketan, izaera urratzaile hori alde batera utzi, eta artearen bidez bizipen jostagarriagoak helaraziz.