http://www.youtube.com/watch?v=PUaP3qZVjMM&feature=player_embedded
51. Euskal Herriko Itzulia eskualdetik pasa da gau, bigarren etapan. Zumarragan hasi eta Lekunberrira arte joan behar izan zuten txirrindulariek, zazpi mendate igo ondoren.
Larraitzeko gaina izan da lehenengoa. Bigarren mailako mendatea da, eta %5,71ko pendiza du. Moinard, Garate, Txurruka eta Seeldraeyers txirrindulariak izan dira Larraitzeko mendatea zeharkatu duten lehenak, eta handik Altzo aldera abiatu dira, Abaltzisketa, Amezketa eta Alegiatik pasa ondoren. Altzoko mendatean, bi kilometroko malda igo behar izan dute txirrindulariek, eta gaina pasa duten lehenengoak Geox taldeko Valls, Quickstep-eko Cataldo eta Astana-ko Iglinski izan dira.
Altzotik, etapako mendaterik gogorrenera abiatu da itzulia; Azpirozko gaina bi aldiz igo dute gaur. Altzon lasterketa buruan ziren hiru txirrindulariei, BMC Racing Team taldeko Amael Moinard gehitu zaie, eta etapako azken kilometroetara iritsi arte, tropelak ezin izan ditu lau txirrindulariak harrapatu. Lekunberri ingurura lehen aldiz iristean, alde eginda zihoazen lau gizonek tropelarekiko aldea handitzea lortu dute, eta zenbait unetan ia sei minutuko aldea atera diete.
Eskualdera hurbiltzen hasi diren heinean, ordea, tropeleko buru ziren Katusha, Lampre eta Garmin-Cervelo taldeetako txirrindulariek erritmo oso bizia hartu dute. Bide honetan, Leitza parera iritsi direnerako, minutu eskaseko aldea soilik zegoen tropelaren eta lasterketa buruaren artean. Leitzatik, Berastegi, Elduain, Berrobi eta Belauntza pasa ditu itzuliak, Leaburuko gaina igotzeko. %9,33ko pendiza du gainak, eta hain zuzen ere Leaburun amaitu da Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapako ihesaldia. Pelotoiak lasterketa burua harrapatu, eta Leaburutik Ibarrako bidegurutzera jaisteko aldapa hasieran, Rabobank taldeko Carlos Barredo txirrindulariak ihesaldia jo du. Iglinski-k ere aurrera egin du honekin batera, eta Amets Txurruka euskaldunak agerralditxoa egin du une honetan. Hala ere, tropelak berehala harrapatu ditu hiru gizonak. Ibarratik Txarama aldera jarraitu du lasterketak, eta Lizartza izan da zeharkatu duten eskualdeko azken herria, ibilbideari dagokionez.
Azpirozen erabaki zen etapa
Betelutik aurrera, 50 km/h abiaduran aritu da pelotoia, eta Garmin-Cervelo taldeko gizonek erritmo oso bizia jarri duten arren, azken bizpahiru kilometroetan , Movistar taldeko Vasili Kirienka txirrindulariak ihes egin, eta etapa irabazi du, Lekunberriko helmuga zeharkatuz. Horrela beraz, Andreas Kloden jarri da sailkapen nagusiko lehenengo postuan, eta Joaquin Rodriguez bigarrenean. Euskaltel Euskadi taldeko Samuel Sanchez hirugarren postuan da.