Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatu diete eskualdeko herritarrei

tolosa 2011ko api. 4a, 17:47

Elkarlanean sortutako kanpaina aurkeztu dute Tolosako Udaleko Pleno Aretoan, errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita luzatzeko. Iaz 3.800 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, eta aurten, 5.000 lagunera iristea da 5.000 baietz kanpainako antolatzaileen helburua.

Kontseiluak eta Galtzaundi Euskara Taldeak, UEMAko kide diren eskualdeko udalekin nahiz beste lau udalekin batera sortu dute ekimena; Tolosa, Ibarra, Villabona eta Zizurkilgo Udalez gain, beraz, Aduna, Anoeta, Alegia, Altzo, Amezketa, Baliarrain, Belauntza, Elduain, Gaztelu, Ikaztegieta, Irura, Leaburu-Txarama, Orendain eta Orexako udalek ere parte hartu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, bere aldetik, lagundu egin du kanpainan. Kontseiluko arduradunak, «elkarlan hau guztiz beharrezkoa» dela nabarmendu du, erakunde ofizialen eta herritar nahiz bestelako taldeen artean sorturiko ekimena dela azpimarratuz.

UEMAko arduradunak, euskaldunok erakunde publikoetan euskaraz aritzeko ohiturarik ez dugula narbarmendu nahi izan du, eta orain errenta aitorpena gure hizkuntzan egiteko aukera ona dugula dio: «gainera, hizkuntza eskubideen barruan dago errenta aitorpena euskaraz egin ahal izatea».

Kanpainari hasiera emateko, eragileek 500 kartel itsasi dituzte eskualdean; kartelek herritarren jakinmina pizea zuten helburu, izan ere, ‘5.000 baietz’ leloa besterik ez zen ageri. Era berean, 12.000 eskuorri prestatu dituzte. Tolosan, Galtzaundi aldizkariarekin eta Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin batera banatuko dituzte eskuorriak, eta zenbait leku publikotan ere utziko dituzte. Eskualdeko gainerako herrietan, etxez etxeko banaketa egingo dute.

Bide desberdinak

Errenta aitorpena egiteko epea apirilaren 8an hasiko da, eta ekainaren 25a biarte egongo da zabalik. Euskaraz egin nahi duen edonork, bide bat baino gehiago izando ditu. Batetik, Foru Aldundia etxeetara bidaltzen ari den autolikidazio proposamena berretsi nahi izanez gero, zein hizkuntzatan jaso nahi den zehaztu behar da 902 10 00 04 telefonora deituz, eta www.gipuzkoa.net webgunetik. Errenta aitorpena era mekanizatuan egin nahi duten herritarrek, berriz, hitzordua eskatu beharko dute aipaturiko telefono eta web orrian.

«Euskararen normalizaziorako bidean pauso handia da hau, eta herritarren lagunda ezinbestekoa izango da», diote antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!