Musika ikasle aurreratuak

tolosa 2011ko apirilaren 1a

Gazteak dira. 17 eta 16 urte dituzte. Tolosarrak. Batxilergoa ari dira ikasten Laskorain ikastolan, 2. maila Antton Telleriak, 1. maila Maddi Garikanok. Eta musika ikasketak aurreratuak dituzte. Perkusioan mutilak, biolinean neskak. Duela zazpi urte hasi ziren Tolosako Eduardo Mokoroa udal musika eskolan ikasten. Euskadiko Ikasleen Orkestran (EIO) ari dira une honetan, EAEko hiriburuetako kontserbatorioetako ikasleek osatutako talde sinfonikoa.

Duela sei urte sortu zen EIO, Bilbo, Donostia eta Gasteizko musika kontserbatorioetako ikasleei jendaurrean aritzeko aukera emateko asmoz. 12-18 urteko gaztetxoak dira 85 partaideetako gehienak. Beste leku batzuetako ikasleak ere aritzen dira, beharren arabera. Iker Sanchez gazte irundarra da zuzendaria. Aurten EIO Gaztea sortu dute, 10-14 urteko ikasleekin.

Beteranoa eta berria

Maddi Garikanok laugarren urtea du EIOn. Biolin ikasle asko daudenez, urtero gainditu behar izan ditu sarrera froga gogorrak. «Urtero irteera bat egiten dugu, hemengo kontzertuez gain. Lehen urtean Bruselara joan ginen, hurrengoan Bartzelonara, iaz Venezuelara, eta aurten Zaragozara», dio. Tolosan Patxi San Sebastian izan zuen irakasle eta orain, Donostian, Lidia Aramendi eta Tomas Ruti. Erdi mailako azken urtea falta zaio.

Antton Telleria aurten sartu da lehen aldiz EIOn. «Berez erdi mailan aritu beharko nuke Errenterian, baina Tolosan jarraitzen dut Jesus Mari Garmendia irakaslearekin, datorren urtean musika ikasketak utzi eta unibertsitatera noalako. Karlos Alcalarekin ere aritu izan naiz», dio.

Sarrera frogak gainditu ondoren entsegu eta kontzentrazio batzuk izan dituzte Barrian (Araban) asteburu bat, Bilbon egun bat, eta azkena, lau egunekoa, Eibarren. «Inauterietan tokatu zen eta gogorra izan zen, baina gustura aritu gara. Egunero zortzi orduz aritzen ginen lanean, tartean atsedenak hartuz. Obra batzuetan perkusiokoak aspertu egiten ginen, itxaron konpas asko genuelako», dio Telleriak. «Asko ikasi behar da, programa zailak izaten direlako. Ni ez nintzen aspertzen, biolin lehena naiz eta melodia nuen. Asko aurreratu dugu», dio Garikanok. Aurten aukeratutako programa Karmelo Bernaolaren Tierra, Beethovenen 5. sinfonia eta Mendelshonnen biolinerako kontzertua, bakarlari gisa Julen Zelaia arituz.

«Jende jatorra» topatu duela dio taldekide berriak, «elkarlanerako erraza». Beteranoenak bazituen lehendik ezagun batzuk. «Harridura» sortu die taldekide askok euskaraz ez egiteak, eta gaztelaniazko mintzapraktika batzuk egin behar izan dituzte.

Iker Sanchez zuzendariarekin oso gustura ageri dira: «Zuzendari ona eta jatorra da, pazientzia handikoa. Badaki zuzentzen eta azalpenak ematen. Harrituta gelditzen nintzen nola harrapatzen zituen tonutik at egindakoak», dio perkusio joleak. «Aurreko zuzendariekin baino gusturago nago», eransten du biolin jotzaileak.

Martxoaren 12an eta 13an eman zituzten lehen kontzertuak, Donostiako Kursaalen eta Bilboko Kontserbatorioan. «Izugarria izan zen Kursaalekoa. Halako leku handia, jendez betea... Gainera lehen kontzertua zen eta urduri ginen. Konfiantza falta nabari zen. Beethovenen obra ezaguna da, baina Bernaolarena oso modernoa eta ezezaguna», dio Telleriak. «Bilbon hobeto atera zitzaigun», eransten du Garikanok. Kritika positiboak izan dituzte prentsan. «Ez dira heldutasunera iritsi, baina bidean dabiltza», esan zuen Arkaitz Mendozak Berrian, «Etorkizunerako adibide», izenburupean. «Esfortzua, ahalegina, nekea eta kemena», aipatzen zituen gazte hauen ezaugarri gisa. «Maila oso oneko taldea», deitzen zion Maria Jose Canok Diario Vascon, «irakurketa profesionala, energia eta boterea» hitzak erantsiz.

Gaur ariko dira berriro Gasteizen eta, bukatzeko, bihar Zaragozan. «Tolosan ere eskaini genuen kontzertu bat, duela bi urte», gogoratzen du Garikanok.

Etorkizunera begira

Eta aurrerantzean zer? Bi gazte tolosarrek zaila ikusten dute musikatik bizitzea. «Eibarren orkestrako kide askok asmo hori dutela ikusi nuen. Asko musikarien edo musika irakasleen seme-alabak dira. Abantaila da. Agian errazago izango dute jende gehiago ezagutzen dutelako», dio Telleriak. «Oso argi eduki behar da hortik jotzeko», dio bere kideak.

«Iaz batxiler musikala egiteko zalantzan izan nintzen, baina azkenean Tolosan, Laskorain ikastolan gelditzea erabaki nuen. Batxilergoko urte bat falta zait.

Biolinarekin, eta EIOrekin jarraituko dut. Gero ez dakit zer egingo dudan», dio Maddi Garikanok. Antton Telleriak Aste Santuan Euskal Herriko Gazte Orkestrarako (EGO) probetara aurkezteko asmoa du. Helduxeagoak dira hauek, 19-27 urteko gazteak. Igor Arostegi eta Mikel Zelaia perkusio jole eta lagun tolosarrak dira EGOko partaide gaur egun. «Aurreko urtean aurkeztu eta 4.a gelditu nintzen hamahiruren artean. Aurten bakarra behar da. Proba egingo dut. Hemengoa izatea dut abantaila», dio Antton Telleriak. Datorren ikasturtetik aurrera zailagoa ikusten du musika ikasketekin jarraitzea, unibertsitateko ikasketetan murgilduko delako. «Hala ere, Kursaalen hainbeste jenderen aurrean jo eta gustura geldituta zalantzak sartzen zaizkizu. Argi daukat musika jotzen jarraituko dudala Bandan, txarangan, taldean...», gaineratu du. Tolosako Musika Bandan, Jainekin eta Bonberenea txarangetan eta Dolce Tangana taldean ere aritzen da perkusio jolea. «Irakasle bat hartu eta bateria ikasten segituko dut, maila mantendu, eta, ahal bada, hobetzeko», dio.

Garikano berriz, Tolosako Musika Eskolako Arimaz, Donostiako Kontserbatorioko eta Santa Maria parrokiako orkestretan ere ari da biolina jotzen eta entzunaldi batzuk ere egiten ditu kontserbatorioan. Futbolean ere jokatzen du Tolosan. «Lepauztaia hautsi nuen, eta hilabete egon

nintzen biolina jo gabe eta futbolean jokatu gabe, baina urtarrilean hasi nintzen berriro», azaldu du. Telleria zesta puntan ere

aritzen zen, baina utzi behar izan zuen denbora faltagatik. «Perkusioa ezin dugu etxean ikasi, musika eskolara joan behar dugu

derrigorrez», dio. «Donostiara joaten naizenean ikastera, arratsalde osoa pasatzen dut. Denbora asko behar da», dio biolinistak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!