Aurreko partidan Villabonan gertatutako irristada mingarriari modu bikainean eman zion erantzuna Laskorainek joan den larunbatean Usabalen Orioko gipuzkoarraren aurka merezitako garaipen erosoa lortuaz. Sailkapeneko azken postuan kokatuta dagoen kostako taldeak borrokarako grina eta harrotasuna erakutsi zituen minutu luzeetan zehar, baina bien artean dagoen aldeak, azkenean logikaren bideari lekua utziaz, Javiren mutilen albora bideratu zuen garaipena: tolosarrek 9-5 irabazi zieten.
Emaitzak erakusten duen nagusitasuna ukaezina izan zen kantxa gainean, baina suposa daitekeen neurketa lasaiak ere izan zituen bere une arriskutsu eta trabatuak. Ez alferrik, eta etxekoen kalterako, oriotarrek Aratzen atea birritan zulatzea lortu baitzuten epaileek txilibitua jo bezain pronto. Partida maldan gora ipini zen berehala.
0-2ko baten aurka oldartu beharra izan zuten horitxoek hasiera-hasieratik, baina segidan etorriko zen berdinketa Gil eta Barriolaren eskutik. Kolpe honek Oriokoen besoak jaitsiarazi zituen, eta jarraian, Barriolak beste bitan eta Bellosok egindako golei esker, 5-2 aurreratu ziren tolosarrak aldageletarako bidea hartu aurretik.
Bigarren zatia hasi bezain azkar, Barriolak bere arratsaldeko laugarren golarekin aldea areagotu zuen. Ordundik amaiera arte, kanpotarren gol bakoitzari etxekoen sareratze banarekin erantzun zitzaion. 9-5eko azken markagailua arte gol festa aparta bizi ahal izan zen Usabalgo oholaren gainean. Gilek beste bi egingo zituen bere hat-tricka sinatuaz, eta Jonikoren azkenak filma itxi zuen.
Bigarren postuan
Garaipen honekin bigarren postuari eutsiko dio beste astebetez taldeak, datorren asteburuan Concepto-Createch ahaltsuaren etxera bisita egin aurretik. Lidergoan tinko jarraitzen duten Elgoibarko mutilei aurre egitea ez da erraza izango, baina horitxoek jadanik urrezko orrialde anitzak dituzte idatziak Ikastolako kirolaren liburu sakratuan, eta guztiz ziurra da beraien larrua arras garesti salduko dutena.
Larunbatean, Usabalen, Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Aratz, Telleria, Barriola, Gil, Joniko, Iosu, Balerdi, Belloso eta Endika izan ziren garaipenaren protagonistak. Beste behingoz Balerdi eta Iosu filialeko jokalarien papera goraipatu beharra dago, lehen taldeak dituen baja ugariak estaltzearren eta deialdiak betetzeaz gain, errendimendu aparta ematen ari baitira beste taldekideekin batera.
Bigarren taldeari dagokionez, Aitorren taldeak 8-6 galdu zuen Zurt Tabernaren aurka.