Alpino Uzturreko eskiatzaileek emaitza bikainak lortu dituzte Espainiakoan

tolosa 2011ko martxoaren 28a

Aragoiko Candanchun Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketan  Alpino Uzturreko eskiatzaileek emaitza ezin hobeak lortu dituzte.

Ostegunean, Sprint lasterketa, estilo klasikoan eta binaka izan zen. Kilometro inguruko zirkuituan buelta bakoitzean beste kideari txanda pasaz, bakoitzak bost buelta egin zituzten. Ioseba eta Imanol Rojo, ezin hobeto moldatu ziren, eta urrezko postua lortu zuten, Aragoi eta Herrialde Katalanetako bikoteen aurretik sailkatuz.

Ostiralean estilo libreko lasterketak izan ziren. Gizonezkoek 10 kilometro egin behar izan zituzten, eta Ioseba Rojok bigarren postua lortu zuen eta Imanol Rojok laugarrena. Master kategorian, Lourdes Irazusta bigarrena izan zen, eta infantil mailan, Manex Begiristain zazpigarrena.

Larunbatean, klasiko estiloko probak zituzten eta mutilen lasterketa nagusian Ioseba Rojo hirugarren sailkatu zen, eta Imanol Rojok laugarren postua eskuratu zuen. Oraingo honetan, Lourdes Irazusta bigarren eta Manex Begiristain, hamargarren sailkatu ziren.

Igandean, errelebo probak izan ziren, eta Euskadi ordezkatuz, Ioseba eta Imanol Rojok, Irungo Maialen Lopez lagun zutela, zilarrezko domina lortu zuten, Herrialde Katalanen atzetik. Manex Begiristainek ere, Euskadiko hirukotean parte hartu zuen, eta hirugarren postua lortu zuten.

Aragoiko taldean, tolosarrak

Bestetik, Aragoiko taldean lehiatu diren Ane Gorostegi eta Irati Izagirre tolosarrek, infantil mailan, bina urrezko domina lortu dituzte .

Ane Gorostegi klasiko estiloan eta errelebotan, eta Irati Izagirre estilo librean eta erreleboan aritu ziren. Aurten, Espainiako txapelketak izan duten berezitasun nabarmenena zirkuitua izan da. Ohiko zirkuituan elurrik ez, eta 2000 metrotik gora kokatzen den La Tucan ospatu dira. Altura handia, zirkuitu gogorra eta oso teknikoa izan dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!