Quebec-eko Michel Lalonde idazleak 1969an idatzi zuen ‘Speak white’ poema errezitatuz hasi zuen asteartean, Koldo Izagirrek, Kultur Etxean eskaini zuen hitzaldia. Lalondek ingelesaren nagusitasuna salatzeko sortu zuen, gaur egun Quebec-eko poema nazionaletako bat den hau. Izagirrek gurera ekarri nahi izan du sentimentu eta errealitate bertsua, Autopsiarako frogak izeneko bere azken saiakeran.
Hitzaldian hamaika eta bat aipuri egin zien erreferentzia Izagirrek, eta baita datu historikoei ere. Bide honetan, autodeterminazio linguistikoaren beharra nabarmendu zuen behin eta berriz: «soberania politikoa behar du euskarak».
Euskarak mendeetan zehar jasandako zapalkuntza izan zuen zutabeetako bat. «Gaztelera inposatuz, herri xehearen eskubideak urratzen ziren orain bi mende ere», baieztatu zuen. Jauregietako jauntxoek arotzei eta errementariei euskaraz egiten zieten, eta abokatuei eta lagunei, berriz, erdaraz. Telesforo Montzonek 1931ko idatzi batean hau euskararen balio eta indarraren adierazle gisa aipatu zuen arren, Koldo Izagirrek justu aurkakoa uste du: «euskara klase apalen tresna zen, eta nagusiak morroiari euskaraz egitean, gazteleraren eremuan sartzen ez zion uzten; klaseen bidez euskara menperatzen zuten». Hari berari jarraituz, hizkuntza politikari ere egin zion erreferentzia, hizkuntza bat bestearen gainetik jartzeko tresna dela aipatuz. Erretorikaren moral eskasa erabiliz, urteetan zehar euskara zapaldu dutela dio Izagirrek: «Sarri entzuten da euskarak eta bere kulturak erakrgarria izan behar duela, eta horrekin erakargarri suertatzen dena erdarazko kultura dela esaten ari dira. Antitesiaren kategorizazioa da hori». Zapalkuntzaren ildo horretan, beraz, euskaldunok gure hizkuntzaz esan dezakegun guztia demokraziaren aurkakoa dela baieztatu zuen idazleak.
Zapalkuntzaz aritu eta gero, elebitasuna onartzen duten jarrera, itxuraz, toleranteagoak ere aztertu zituen hitzaldian. Elebitasuna defendatzen duenak bestearen existentzia onartu egiten du, baina badaki, Koldo Izagirreren ustez, bere hizkuntza dela subjektu soziala; elebidunak menderatua inuzente ikusten duela dio.
«Euskararenak dira lurrak»
Kultur Etxeko hitzaldiaren gakoetako bat errepikapena izan zen, zapalkuntza eta mugen estuasun hori transmitituz: «Euskaraz munduko egiten gara; leku bat baldin badaukagu, hori, hizkuntzak emana da», azpimarratu zuen. Honen harira, euskara lurrari lotua ez dagoela defendatu zuen, euskara ez baita territoriala. Euskaldunoi nortasuna lurrak ematen digula uste dugun arren, Izagirrek alderantzizkoa helarazi zien entzuleei: «Euskarak ematen die herritasuna lurraldeei, euskararenak dira lurrak, eta ez lurrena euskara». Euskara «nekez itzuliko da bereak ziren leku okupatuetara», eta «iragana idealizatzen dugula» esan izan duten arren, harresiaren bestaldean ere Euskal Herria dugula defendatu zuen Koldo Izagirrek: «horrek egiten gaitu ilun, euskarari munduan leku bat ematea jasanezina egiten baitzaio ideologia totalitarioari».
Hasi bezala amaitu zuen hitzaldia Koldo Izagirrek, iraun zuen ordu bete pasatxoan entzun zen aldarri errepikatuarekin guztia borobilduz: «euskara entzungarri eta esangarri izango den geografia politikoa behar dugu, eta garrantzitsuagoa da soberanoak izatea, euskaraz ekoizten den guztia inbaditzen baitu gaztelaniak: Absurdo totala da».