Vendettak lan berria aurkeztuko du Bonberenean

tolosa 2011ko martxoaren 17a

Musikaz girotua dator asteburu hau ere Bonbereneara, eta hiru talde izango dira gurean, ostiralean zein larunbatean.

Bihar, 22:30etik aurrera, Borrokan eta Yakuzi taldeek kontzertu bana eskainiko dute Bonbereneako oholtzan. Borrokan taldea 90. hamarkadan sortu zen, eta gaur egun boskote moduan lan egiten dute. 2002an kaleratu zuten beren lehen lan luzea, eta aipatu diskako zenbait abesti Bonberenean bertan grabatu zituzten. Zuzenekoei dagokienez, geldialditxo bat egin zuten arren, aspaldiko partez taula gainean dihardute azkenaldian. Yakuzi taldeari dagokionez, berriz, Elorriotik iritsiko dira Bonbereneara, rock doinuak eskainiz. 1998an bakarlari gisa hasi zen Gustavo Calleja Yakuzi izena hartuta, eta gaur egun, laukote gisa aritzen dira oholtzan.

Vendettaren azken lana

Larunbatean, bestalde, Vendetta talde nafarrak bere azken lana aurkeztuko du Bonberenean: Puro infierno.

2009an sortu zen taldea, eta ska eta rocka oinarri dituzte, skinhead-reggae nahiz latin-hardcorea ere jarritzen dituztela. Beren lehen diskarekin urte beteko bira egin zuten; kantu ezagunen bertsioek eurek sorturiko abestiei lagundu zieten.

Puro infierno lanean erritmo bertsuekin jarraituko du talde nafarrak, eta testuei dagokienez, baikortasunez begiratuko diote, berrriro ere, munduari. Hau guztia ikusteko aukera izango da etzi, 22:30ean, Bonberenean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!