Casadelobos muntaia aurkeztuko dute bihar, hilak 12, Topic zentroan, 18:00etan. Joan Baixasek sortutako muntaia ikusteko haurrek 4 euro ordaindu beharko dute; helduek 7. Familia ugarien kasuan, haurrek 3 euro eta helduek 5. Sarrerak Topic zentroko leihatilan eta Servikutxan, Telekutxan (943001200) eta www.kutxa.net webgunean eros daitezke. Familia ugarientzako sarrerak Topic zentroko leihatilan soilik egongo dira eskuragarri.
Joan Baixasen muntaia
Ipuinetan eta mitologietan orotariko otsoak agertzen dira: oihanean haurrak jasotzen dituztenak, artaldeei erasotzen dietenak, piztia izugarri bihurtutako ardiak, eta ilargiari kantatzen diotenak. Otsoak, ardiak, txakurrak eta pertsonak elkarrengandik bereizi ezinezko pertsonaiak dira; denen artean, sinboloz eta iradokizunez beteriko arabesko bat osatzen dute, Elias Canettiren, Nazim Hikmeten eta elezahar tradizionaletatik hartutako testuak elkarri josiz osatutako ipuin batean.
Madrelobak bere istorioa kontatuko digu, hotsen eta mugimenduen bidez, haizearen eta uraren, animalien eta pertsonen ahotsak entzunez, denboran barrena bidaiatzen den aztia bezala, irribarrez eta luma hankez. Arratsalde lasai bat, Montnegreko basoan; halako batean, udako ekaitza lehertu da, sua. Jaioberri baten oihuak entzunda, otseme-ardia hurbildu egin da, eta…
Paca Rodrigo eta Mauricio Villavecchiak, eklektizismoa eta ironia lagun, orotariko musikekin jolas egiten dute: Mozarten musikarekin, abesti tradizionalekin, baita jazzean eta musika etnikoan inspiratutako beren konposizio propioekin ere.
Baixas antzerki bisualean adituak ikuskizun-collage bat dakar: abestien eta kontakizunen uztarketa bat da, objektuen eta irudien uztarketa bat, Paca Rodrigo antzezle eta dantzariaren, abeslari eta ahots irakaslearen neurrira egina. Paca Rodrigok musika eta dantza landu ditu, eta bilaketa eta esperimentazioa jorratu ditu ahotsarekin. Antzerki ikuskizun askotan parte hartu du, hainbat zuzendarirekin, Carles Santos, Joan-Albert Amargos eta Jordi Sabates musikagileekin eta Mal Pelo eta Marga Guergue dantza taldeekin, besteak beste.