Amorrazioa

Ataria 2011ko otsailaren 25a

Iazko abenduaren 23an, goizeko 11:45 aldera, Larramendiko zubia zeharkatzen ari nintzen. Hautsitako baldosa batzuekin (argazkian agertzen dira) tupust egin eta lurrera erori nintzen.  Udaltzaingoarengana joan eta eurek gertatua apuntatu zuten. 15 minutura, gutxi gora behera, garabia daraman kotxea bertara gerturatu zen. Udaltzaingo batek kolpe hartu nuen lekuaren argazkiak atera zituen. Hurrengo egunean, belaunean nituen hematomak ikusirik, anbulatorioko urgentzietara joan nintzen. Bertan jasotako agiria ondoren, Udaltzaingora eraman nuen, datu guztiekin eta abar.

Abenduaren 30ean, nire alabetako batek Alkate jaunarekin hitz egin zuen gai honen inguruan. Alkateak jakinaren gainean zegoela erantzun zion alabari.

Ia hilabete eta erdi egon naiz belauneko, besoetako eta bizkarreko minarekin. Etxeko medikuarengana birritan joan behar izan dut denbora horretan, minaren erruz.

Hau da nire amorrazioaren eta salaketaren arrazoia: Azaroan ere baldosa horiek hautsita zeudela enteratu naiz. Gutun hau idazten ari naizen egun honetan, otsailaren 25a, oraindik hautsita daude.

Nire galdera: Alkatearen edo zinegotziren baten amatxo erori izan balitz, konponduta egongo al ziren baldosak? Hauteskundeak gertuago egongo balira, konponduta egongo al ziren baldosak?

Bestalde, udaletxeko inork ez dit deitu nola nagoen edo erorketa nola izan zen galdetzeko.

Besterik gabe, amorrazioz jarraitzen duen honek idazten du.

Aurora Diez Mijangos. Tolosa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!