Inauteriak badatoz, eta Tolosako festarik eroenetan ezinbesteko bihurtu dira konpartsak eta karrozak. Hastapenetan norberak bere lagun-taldearekin garaje, lokal edo txoko desberdinetan karroza prestatzen zuen arren, badira urte batzuk udalak karrozak prestatzeko ferialekua uzten duenez geroztik.
Azken hamarkadetan asko hazi da Zaldunita eta Asteartitako karrozetako parte-hartzea, eta Tolosako Inauteriak are biziago bihurtze aldera hau seinale ona den arren, ferialekua txiki geratu zaie inauterizale hauei. Aurtengo Inauterietarako jada 280 karroza eta konpartsek eman dute izena, joan den urteko parte-hartzaile kopurua gaindituz, eta ezinezkoa suertatu da guztiak era erosoan ferialekuan lanean aritzea.
Hau dela eta, haserreak eta desadostasunak sortu dira karrozak prestatzen diharduten zenbait tolosarren artean, eta «hurrengo urterako udalak konponbide hobe bat bilatzea» espero dute.
Udala «ahal duena eginez»
Ferialekuko toki faltaren auzia duela urte batzuk sortu zen, aipaturiko parte-hartzearen gorakadaren ondorioz, eta Jokin Monfort festa teknikariak «karrozak egiteko dagoen toki guztia jendearen zerbitzura» jartzen dutela dio. 2000-3000 metro karratuko azalera du ferialekuak, eta «duela urte batzuk udalak ez zuen lokalik uzten karrozen prestaketarako».
Inauterietako bilera eta prestaketekin hasten direnean, udaleko langileak karrozetako partaideekin urtero biltzen direla dio Monfortek, eta «euren iradokizunak nahiz kexak bildu» egiten dituztela nabarmendu du, urtero antolakuntza hobetze aldera. «Bilera honen ondoren ahalik eta hobekien antolatzen dugu guztia, eta egia da partzelarik geratzen ez denean, konpartsa txikiak sartzeko lekutxoak uzteko eskatzen diegula jada han daudenei». Monforten esanetan, «urte gutxitan gehien aldatu dena da karrozena, eta aurrerapen handiak egin dira bai diru-laguntzei dagokienez, baita antolakuntzaren aldetik ere».
Era berean, ferialekuko partzelak esleitzerako garaian kanpotarrei eta tolosarrei lehentasun bera eman izan zaie orain artean, eta parte-hartzaile batzuek erabateko desadostasuna adierazi dute honekin ere, herritarrek lehenengoak izan beharko luketela uste baitute. «Hurrengo urterako beharbada beste erabaki bat hartu beharko da honi dagokionez, Tolosako parte-hartzaileei lehentasuna emanez. Baina hau elkarlanean egingo dugu, inauterizaleekin burutzen dugun bileraren ondoren», dio Jokin Monfortek.
Bestalde, Inauterietako materiala urte guztian zehar gordetzeko leku baten beharra nabari dute karrozetan lanean aritzen diren zenbaitek, eta «udalak karroza eta konpartsa guztiak urte osoan zehar gordetzeko lekurik ez duela» nabarmendu du Monfortek. Ahalegin eta lan handia egiten dutela dio, eta «batzuek zoriondu egin gaituzte, lana ez baita hain erraza».
Elkarrizketa: «Jendea izenik eman gabe sartzen da ferialekuan, eta hori da arazoa»
Juanito Ortegak bi hamarkada daramatza Josetxo Guiurekin batera karrozarekin ateratzen, eta ferialekuaren inguruan bere iritzia adierazi dio Hitzari.
Kontaiguzu zein egoera dagoen aurten ferialekuan.
Ferialekua bete-betea dago. Gainera, normalean baino jende gehiago sartu da. Udaletxeko festetako arduradunarekin hizketan aritu nintzen, eta ferialekuan giltza aurrez hartu gabe ez zela inor sartuko ziurtatu zidan. Egia esan, hori urtero esaten dute, baina ez da sekula betetzen. Kontua da, bertan dagoen jendearen erdia giltzarik gabe sartzen dela, izenik eman gabe, eta nahi duen lekua hartzen duela. Guk, 20 urte baino gehiago daramatzagu leku berean jartzen, eta pixkanaka kanporantz mugitzen ari gara.
Ba omen da kanpoan lanean ari denik ere.
Bai, lauzpabost karroza txiki ari dira, baina urte-garai honetan egiten duen eguraldiarekin ezinezkoa da kanpoan lanean aritzea. Ferialeku barruan hotz egiten badu, pentsa kanpoan... Egoera horretan ezin da lanik egin, eta kanpoan dauden gazteak barrura sartzen dira ahal duten txokoa hartu eta lanean jarraitzeko.
Tolosan karrozentzat bereziki prestaturiko leku bat beharrezkoa ikusten al duzu?
Lokal bat? Hau ondo dago berez, baina gero eta jende gehiago dago, eta hori da arazoa. Gazte asko ari da bertan lanean, gauza txikiekin, baina horiek ere badute irteteko eskubidea. Ez dakit... Beste modu batera antolatuko nuke, baina hori zail ikusten dut.
Kanpotarrak ere ari dira karrozak prestatzen, ezta?
Bai, inguruko herrietakoak ere ari dira prestaketetan: Anoetakoak, Ibarrakoak, Andoaingoak,... Tolosar asko ari da lekurik gabe, batzuk kalean, eta aldiz Tolosakoak ez diren karroza batzuek leku erosoak dituzte ferialekuan. Zerbait pentsatu beharko dute arduradunek, karroza eta konpartsen ohitura ez baitoa bide onetik horrela.
Tolosarrek ferialekuan lan egiteko lehentasuna izan beharko lukete?
Noski, zalantzarik gabe. Nik ez dut esaten kanpotarrek Inauterietan parte hartzeko eta karrozak egiteko eskubiderik ez dutenik, baina lehenengo tolosarrok sartu beharko genuke ferialekuan, eta ondoren, lekurik geratzen baldin bada, kanpotarrek.
Aurten lapurretak ere izan dira.
Bai, hala da. Ferialekua ireki eta bigarren egunean, kamioien bateriak, kable-sareak, burdinak, eta antzekoak lapurtu zituzten. Kartera ere lapurtu zioten karroza batean lanean ari zen bati. Ondorioz, egunero erremintak eta tresneria guztia jaso behar izaten dugu, eta etxera eraman edo giltzapetu, badaezpada ere.
Udalak egoera hobetzeko zerbait egin beharko lukeela uste al duzu?
Bai, baina ez dute jaramonik egiten, eta sekulako anabasa dago ferialekuan; gazte asko dago, eta denbora behar dute ikasteko, gu ere halaxe aritu ginen eta bere garaian. Bestalde, udalak ez du karrozekin aritzen garenon lana nahikoa baloratzen. Batzuk bi edo hiru hilabete oso aritzen gara lanean, karroza egiten. Beste batzuk aldiz, lau ohol eta supermerkatuko karro batekin ateratzen dira, eta diru-laguntzak banatzeko garaia heltzen denean, diru kopuru bera ematen diete karro txikiarekin ateratzen direnei eta bizpahiru hilabete ferialekuan sartuta pasa dutenei. Horrek, azkenean, nazkatu egiten zaitu. Aurrekontua ez zaigu nahi dugun guztirako iristen, eta urtez urte guztia garestitu egiten denez, hurrengo urtean ezer ez egiteko gogoa ematen du. Gero gainera, udalekoek karroza guztiak ahalik eta txukunenak izatea nahi dute. Laguntza gehiago eskainiko balute behintzat... Aurrekonturik ez dagoela esatearekin konpontzen dute guztia. Betikoa errepikatzen da urtero.