Juan Bautista Aranzabe: "Urteak pasa ahala zeure buruari galderak egiten hasten zara"

Ataria 2011ko otsailaren 22a

Haur jaioberria kanpaza batean zuela, taxiz Tolosatik Donostiako ospitalera bidali zuten Juan Bautista Aranzabe (Tolosa, 1943). Hurrengo egunean, haurra hil egin zela esan zioten Arantzazuko Amaren ospitalean. 1973. urtea zen. Duela hiru urte, Antonio Barrosok bere jaiotze agiria faltsutua izan zela deskubritu zuen. Bere kasua salatzeko, Anadir elkartea sortu zuen. Orduz geroztik, ustezko haur lapurreten kasuak bata bestearen atzetik iritsi dira elkartera. Juan Bautista Aranzabe tolosarra Anadir-eko kidea da.

Non jaio zen zuen haurra?

Tolosako San Cosme eta San Damian ospitalean. Egun hartan, haur bat baino gehiago jaio zirela gogoratzen naiz. Sendagileak ordea, gau guztia nire andrearen ondoan pasa zuen. Hori ez da normala eta andreak hori beti esaten du.

Behin eta berriz galdetuko duzue orain, zergatik?

Une hartan ez duzu galdetzen, baina gero...

Ba al dakizu sendagile hura nor zen?

Orain hilda dago.

Zazpi hilabeterekin jaio zen haurra.

Bai. Baina guk beti esaten duguna, zazpi hilabeteko asko eta asko kalean dabiltza. Horrek ez du ezer esan nahi.

Lehen kezka beraz, sendagilearena izango litzateke.

Beste arazo bat haurra jaio eta hurrengo egunean sortu zitzaigun. Tolosatik Donostiako Arantzazuko Ama ospitalera bidali ninduten haurrarekin, taxi batean. Gaixoak anbulantzia batean eramaten dira, eta niri taxia jarri zidaten. Umea kanpaza batean sartu eta horrela bidali ninduten.

Zergatik bidali zintuzten Donostiara?

Tolosan ez zegoen haur txikientzat kabi edo sehaska berezirik, eta Donostian bai. Hor sartu behar zela esan zuten eta Donostiara bidali ninduten. Haurra han utzi eta andreari kasu egitera itzuli nintzen Tolosara.

Noiz itzuli zinen Donostiara?

Hurrengo egunean joan nintzen berriro eta sendagileak hil egin zela esan zidan. Niri ez zidaten ezer erakutsi, ea ikusi nahi nuen galdetu ere ez zidaten egin. Paper batekin ehorztetxera bidali ninduten. Bertara joan eta faktura ordaindu nuen.

Hileta egin zenuten beraz, nahiz eta gorpua ez ikusi.

Ez genuen hiletarik egin. Hil egin zela esan ziguten eta han bukatu zen historia.

Eta gorpuarekin zer egin zutela esan zizuten?

Guri ezer gehiago ez ziguten esan. Une hartan, hil dela esaten dizutenean, ez duzu beste ezer pentsatzen. Gaurko egunean bai, gauzak atera direlako, baina... Andreak berriz, beti esan izandu dit ea zergatik ez zidaten gorpua erakutsi, beti kezka horrekin egon da.

Ba al dakizue non lurperatu zuten?

2000. urtean, Donostiako Polloe hilerrira joan ginen. Hango enkargatuak zerrendan zegoela erakutsi zigun. Baina non zegoen galdetuta, obrak egin zirela eta gune hartako hilobiak galduta zeudela esan zigun.

Gorpuak mugitzen direnean, ez al da horren berririk ematen?

Nik horrela usten nuen, baina guri ez ziguten inoiz ere deitu. Hor zerbait gertatu dela pentsatzen hasten zara.

Eta galderak bata bestearen atzetik agertuko dira, ezta?

Hil zela esan zigutenean, lehen esan bezala, ez duzu ezer gertatuko zenik pentsatzen. Urteak pasa ahala, pentsatzen hasten zara. Zergatik ez zidaten gorpua erakutsi edo zergatik ez zizkidaten paperak eman. Orain, Anadir elkartea azaldu denean, kasu piloa agertu dira eta gureak antzekotasun handia dauka horiekin.

Zuen esku dagoen dokumentu bakarra, beraz, ehorztetxeko faktura da.

Bai. Sinaduraren gainean P.O. jartzen du bertan. Por Orden.

Berriro itzuli al zarete ehorztetxera?

Beste izen batekin baina leku berean aurkitzen da. Hango langilearekin hitz egitea posible zen jakin nahi genuen, baina garai hartako langileen zerrendarik ez omen dute. Norbaitek aginduta sinatu zuen Anjel Arteaga izeneko langile batek.

Guzti honen inguruan, zer dio zure emazteak?

Berak beti izan du kezka hori. Askotan galdetu dit ea gorpua zergatik ez zidaten erakutsi. Hilerrira joan behar genuela ere behin baino gehiagotan errepikatu du.

Ate hori istean, zer egin zenuten?

Ez genekien zer egin edo nora joan.

Hau dena, Anadir elkartearen berri izan aurretik egin zenuten, zuen kabuz.

Horrela da. Ondoren hasi dira telebistan azaltzen gurearen antzeko kasuak.

1940-1980 tarte horretan, bi milioi adopzio egon omen ziren. Anadir elkarteko abokatuen esanetan, hauen %10a, inskripzio faltsuekin izan ziren, hau da, 200.000 haur.

Horrek ez du esan nahi garai horietan «hildako» haur guztiak lapurtuak izan zirenik. Batzuk horrela jaioko ziren, baina kontua hori da, nortzuk? Garai haietan, beste gauza bat ere gertatzen zen; kalean lan egiten zuen emakumearen haurra mojek hartzen zutela, eurekin hobeto egongo zelakoan.

Anadir pilatzen ari den kasu hauetan, sendagileez gain, apaizak eta mojak ere ageri dira.

Horrek ere badu bere azalpena. Gaur egun bezala, ospitaleetan ez ziren erizainak edo langileak egoten. Mojek egiten zuten lan hori eta dena beraien eskuetatik pasatzen zen.

Tolosaldean egon al da beste salaketarik?

Tolosan adibidez kasu gehiago azaltzen ari dira. Ibarran ere badugu bat. Estatu mailako kasuak irakurtzean ere, denak antzekoak direla ikusten duzu. Bati, soldaduskako papera eta guzti iritsi zitzaion.

Donostiako ospitalaren inguruan salaketa gehiago egon al dira?

Anadir-en azken datuen arabera, Euskadin 75 kasu salatu dituzte. Donostiakoak hor barnean aurkitzen dira.

Kasu hauek entzutean, berriro bilaketa lanei ekin zenioten.

Berriro ere epaitegira joaten hasi ginen. Lehen ere izanda gaude, paperak eskatuz, baina inoiz  ez digute ezer ere eman. Tolosan bizi naiz eta ez dutela ezer aurkitu esan didate hemen. Gero Donostiara joan nintzen eta bertan, 1976. urtea baino lehenagoko paperik ez dutela esan zidaten. Gure haurra 1973an jaio zen. Ez dakit datuekin zer egin duten. Osakidetzan ere eskatu dugu, mediku txostena, baina Donostian azken 10 urteetakoa bakarrik omen dute. Besteak Gasteizen omen daude. Han ere eskatu dugu eta orain itxaroten gaude.

Eta ondoren zer etorriko da?

Anadir-etik DNA froga egiteko laguntzak lortzen ari dira. Berez 400 euroko kostua baldin badute, elkarteko kideok 90 ordainduta egingo ditugu. Eusko Jaurlaritzatik psikologikoak ere jarriko omen dituzte. Gure partetik, aurrena epaitegiko eta Osakidetzako paperak lortzen saiatuko gara. Ea irregulartasun guzti hauek argitzen diren. Ahal dugun heinean, azkeneraino joateko prest gaude.

Nahiz eta gurasoek DNA frogak egin, ondoren semea edo alaba aurkitu beharko litzateke.

Oso zaila da, bai, ia ezinezkoa dela ez esateagatik. Zure semea lapurtua izan bada, ez dakizu non dagoen, ez non bizi den ezta nork erosi duen ere. Ziurrenik gainera urrun egongo da eta gauzak argitzea oso zaila izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!