Joan den larunbatean Aitzol Euskal Pizkundearen urteurrena ekimena aurkezteko, agerraldia egin zuten udaletxeko batzar aretoan Euskal Herriko hainbat eragilek. Ekimenerako Anjel Lertxundik idatzi eta bertan irakurri zuen aldarria sinatu zuten, beste eragileei eta herritarrei ekimenarekin bat egiteko deia luzatuz.
Datorren urriaren 17an 75 urte beteko dira Jose Ariztimuño Olaso ‘Aitzol’ Hernaniko hilerrian fusilatu zutela, eta efemeride hau aitzakiatzat hartuz, «Aitzol eta bere belaunaldia gogora ekarri eta omendu» nahi dute hamazazpi eragile hauek. Horrela beraz, 2011.urtea Euskal Pizkundearen urtea izango da. Besteak beste Aitzolek eta euskal pizkundean beren ekarpena egin zuten gizon-emakumeek egindakoa ekarriko dute gogora, eta aldarri moduan zabalduko dute.
Eragileen babesa
Tolosako Udalaz gain, Euskal Herri osoko beste hamazazpi eragiletako ordezkariek sinatu zuten aldarria: Eusko Jaurlaritza; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; Donostia, Zarautz, Mungia, Hernani eta Baztango Udalak; Euskaltzaindia; Eusko Ikaskuntza; Euskal Herriko Unibertsitatea; Sabino Arana Fundazioa; Aranzadi Zientzia Elkartea; Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundea; Nafarroako Euskara Kultur Elkargoa eta Bertsozale Elkartea. Eragile hauetariko bakoitzak bere erara eta bere aldetik parte hartuko du urteurreneko ospakizunetan.
Tolosatik Euskal Herrira
Euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin zuen belaunaldi hau omentzeko ideia Tolosan sortu da, hain zuzen ere, pizkundeko hainbat eragile tolosarrak izan zirelako, eta beste hainbatek harreman zuzena izan zutelako herriarekin. Horrela beraz, Lizardi, Lauaxeta, Antonio Maria Labaien, Doroteo Ziaurriz, Ixaka Lopez Mendizabal, Orixe, Jautarkol, Pio Montoia, Jakakortajarena, Uzturre, Pilar Sansinenea, Lupe Urkiola, Tere Urkiola, Jesus Elosegi, Joxe Izagirre, Xebe eta Xabier Peña, Iñaxi Munita, Dolores Arbila eta Ramon Larrañaga izan ziren, besteak beste, ekitaldian aipaturiko izenak.
Urteurrenaren baitan Tolosan ospatuko diren omenezko ekitaldietariko batzuk aipatu zituen Jokin Bildarratz alkateak. Datorren martxoaren 18an, esaterako, Aitzolen jaiotzaren 115. urteurrena izango da, eta hori ospatzeko bere jaiotetxea izan zen Gorosabel kaleko 12. zenbakian oroimenezko plaka bat jarriko dute. Egun berean, gainera, Aitzol Udal Euskaltegiak eta euskara erakundeak bat eginda Euskaraenea erakundearen izenean, Aitzolen testuen irakurketa izango da egun osoan zehar. Era berean, martxoaren 19an Tolosako neska-mutilek zuhaitzak landatuko dituzte Elosegi parkean, urriaren 16an irekiko den ‘Zintzoen basoan’ euren alea jarriz. Berdegune hau Aitzolen eta bere belaunaldiko kideen txokoa izango da. Azkenik, San Joan egunean euskal pizkundeko eragile nagusienetarikoak, eta halaber Tolosako alkateak izan ziren Antonio Maria Labaien eta Doroteo Ziaurrizi omenaldi berezia egingo zaie. Horretaz gain, urtean zeharreko kultur ekitaldiak ere Aitzol eta euskal pizkundearen ingurukoak izango dira.
Esan bezala, ekimenarekin bat egin duten Euskal Herriko gainerako erakundeek ere, ekitaldi desberdinak antolatuko dituzte euren aldetik. Honen guztiaren berri zuzena herritarrei helarazteko, www.euskalpizkundea.net webgunea zabalduko dute.
Belaunaldiaren ondorengoak
Antonio Maria Labaien tolosarra pizkundeko eragileetariko bat izan zen, eta anzterkigile bezala ere ezaguna da. Pasa den larunbateko aurkezpenean, bere semea Ramon Labaienek eskaini zituen hitzik hunkigarrienak, bera mutikoa zen pizkunde-garai hartako pasadizoak kontatuz. «Aitzol pizkundean indar nagusia» izan zela esanez hasi zen, eta «bere fusilamenduaren berria iritsi zitzaidanean lur jota geratu nintzen», nabarmendu zuen; «bihotza gogortu zitzaidan».
Belaunaldi hartako gizon-emakumeek «giro beltz hartan posible izan zitekeen zerbaitetan zuten fedea eta itxaropena», eta «etorkizunera nahiz iraganera begiratu zuten». Bide beretik, Aitzol eta bere aitarekin batera pizkunde hura sortzen lan egin zutenei buruz dituen oroitzapenak deskribatu zituen hitzaldian: «kosmopolitak ziren pizkundeko kideak, eta sustraiak Euskal Herrian eta adarrak mundu zabalean zituzten». Azkenik, euskararen eta bere inguruko kulturaren transmisio eta mantentzean ikastolek izan zuten ezinbesteko papera nabarmendu nahi izan zuen Labaienek, «ikastola iraultza berriaren lehen pausoetako bat eta euskararen atzerakada desagerrarazi zuena» izan zela adieraziz. Ramon Labaienek itxaropena duela esanez amaitu zuen, «jendea hor dagoelako, hor zaudetelako».
Ekitaldia Amaia Agirreren bertso batzuekin amaitu zen, txalo zaparrada artean.