AHTren aurkako manifestazioan parte hartzeko dei egin dute

tolosa 2011ko otsailaren 21a

Urtero bezala, aurten ere Tolosaldeko AHT Gelditu! elkarlaneko kideek dei egin zuten kalderero egunean, hilaren 26an, 17:00etan Tolosan egingo den Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioan parte hartzeko. Horretarako, prentsaurreko bat eman zuten hilaren 19an, 11:00etan Tolosako Ugane auzoko obretan.

Tolosaldean orain dela urtebete inguru hasi ziren lanekin. Obren mugimendu handiena Aldaba, Aldaba Txiki eta Alegian dagoen arren, proiektua leku guztietan doa aurrera eta une honetan Tolosa-Hernialde zatian ere  desjabetze prozesuan daude. Tolosaldeko AHT Gelditu! elkarlanekoen hitzetan «Tolosa-Hernialde zatian, proiektuari aurka egiteko prest dauden lurjabe bat baino gehiago dago», baina «zaila zaie bakarrik aurre egitea».

Gainera, Alegiako Eguzkitza zabortegiko egoera ere adibide moduan jarri zuten, bertan «behar den bezalako lizentziarik gabe ari baitira betelanak gauzatzen».  Gauzak honela, Alegiako eta Tolosako Udalek beraien ardura dutela esan zuten. Hau ez da erraza izan Alegian, «informazio ezaren eta interes orokorraren arrazoiengatik, besteak beste». Hala eta guztiz ere, hainbat oztopo ezarri omen zaizkie proiektuari aurre egiteko. Baina, Tolosako Udalak ezer ez duela egin salatu zuten, Tolosako Udalak «informazioa izan du eta ez du kaleratu» eta «Tolosa-Hernialde zatiko Eraikuntza Proiektua ez dio plazaratu herriari».

Guzti hau salatzeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten Tolosaldeko AHT Gelditu! elkarlaneko kideek, larunbateko prentsaurrekoan.  Manifestazioa hilaren 26an izango da, 17:00etan, eta Tolosako Triangulotik abiatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!