Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzea eta manifestaziorako deialdia egin dute gaur Tolosako Ugane auzoan. Abiadura Handiko Trenaren lanak aurkitzen diren lekura joan dira lehenik, Ikaztegietatik irtenda. Ondoren, pankarta zabaldu eta idatzi bat irakurri dute. Bertan, otsailaren 26an egongo den manifestaziora joatea eskatu dute. Martxa 17:00etan irtengo da Trianguloatik.
Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanaren idatzia:
"TOLOSALDEA BIZIRIK! AHT GELDITU!
Ohiturekin jarraituz, aurten ere Kaldereroen Egunean Abiadura Handiko Trenaren aurkako manifestazioa burutuko da Tolosan. Euskal Herrian zehar, bada denbora lanak hasiak direla baina Tolosaldean bereziki urtebete eskas da. Obren mugimendua Aldaba, Alegi eta Aldaba Txiki inguruan dugu. Hala eta guztiz ere, proiektua leku guztietan doa aurrera eta momento honetan Tolosa-Hernialde zatiko desjabetze prozesuan doaz, Adunado zundaketekin batera.
Tolosa-Hernialde zatian, proiektuari aurka egiteko prest dauden lurjabe bat baino gehiago dago, non, informazio ezagatik batzuk orain jakin duten. Zaila zaie bakarrik aurre egitea; horretarako, laguntza eskean ibili dira. Akordioak egin nahian deituak izan dira lurjabeak udaletxera banaka eta asko eskertzen dituzte adituen aholkuak, zer nola jokatu jakiteko. Hauei laguntzeko, AHTri aurre egiteko aukerak zabalduz, indar gehiagorekin aurka egin diezaiokegu.
Orokorrean, lurjabeen egoera larria da. Aldaban, adibidez, egoera hau bizitzen ari dira. Dagoeneko hankaz gora ari dira lanean eta luzerako doa. Alegiako Eguzkitza zabortegian, adibidez, behar den bezalako lizentziarik gabe ari dira betelanak gauzatzen.
Honen aurrean, Alegiako eta Tolosako udalek beraien ardura dute. Alegian zaila izan da informazio ezaren eta interes orokorraren arrazoiengatik, besteak beste, proiektuari aurre egitea. Hala eta guztiz ere, hainbat oztopo ezarri zaizkie proiektua aurrera eramateko. Tolosako Udalak ordea, ez du inondik inora ezer egin. ETSk bulego lotsagarri bat ireki zuen udaletxean bertan; herritarrek duten informazio eskasia baina oraindik eta informazio gutxiago ematen zuten. Gainera, Tolosako Udalak informazioa izan du eta ez du kaleratu. Tolosa-Hernialde zatiko Eraikuntza Proiektua ez dio plazaratu herriari.
Langileengan zentratuz, dagoeneko hiru dira hil direnak. Horrela jarraituz gero, zenbatetara iritsi behar dugu? Egoera prekarioan ari dira lanean.
Ekonomikoki, galera izugarriak dakartza eta inoiz baino argiago ikusten da orain. Hainbat mozketa egon dira osasungintzan, hezkuntzan, pentsioetan… baina hala eta guztiz ere, hor darrai proiektuak.
Hau guztia ikusirik, egoerari aurre egiteko, manifestazioan parte hartzeko deialdia bultzatzen dizuegu. Talde edo erakunde bakoitzak iruditzen zaion ekarpena egin lezake, baina betebehar bat dela iruditzen zaigu.
Besterik gabe, otsailaren 26an izango da manifestazioa arratsaldeko 17:00etan eta inoiz baino arrakastatsuagoa izan behar du. AHT, bizimodu prekario baterako bidai ezkorra besterik ez delako, lapurrak, txikitzaileak eta xahutzaileak kanpora! AHTrik EZ!"