Datorren astean izango da Amaroz Auzo Elkartearen Merkatu Txikia

tolosa 2011ko otsailaren 16a

Aurten, beste behin ere, Amarozko Auzo Elkarteak Merkatu Txikia antolatuko du. Edizio honetan beren elkartasuna berriz ere Malpaisilloko (Nikaragua) ‘Xochilt Acalt’ zentrora bideratuko dute amaroztarrek. Zentro honetan emakumeen hezkuntza bideratzen da, eta merkatu txikian lortutako irabaziekin 18 eta 50 urte bitarteko 25 emakumeren prestakuntza prozesua bideratuko dela aurreikusten dute antolatzaileek. Auzo Elkartetik adierazi dutenez, duela 16 urte jarri zen abian emakumeen alfabetatzerako programa hau. Emakume gehienak familia ugarietan bizi ziren, eta etxeko lanei erabat loturik zeuden. Autonomia falta honek, eta familiekiko menpekotasunak eskola adinean mugak sortarazi zizkien, eta euren komunitatean eskolarik ez zegoenez, analfabetismoa orokortu egin zen Nikaraguako eremu honetako emakumezkoen artean.

Laguntzek emandakoa

Urte hauetan guztietan burututako lanarekin, eta Tolosako herriak eskainiriko laguntzarekin, «aurrerapauso  esanguratsuak» lortu dituzte Nikaraguako emakumeen zentroan. Besteak beste, 222 emakumek lehen mailako ikasketak egin dituzte; 49k batxilergoa bukatu eta goi mailako ikasketak burutzen ari dira; 31emakumek bukatu dituzte jada Nekazarita eta Abeltzantzako Teknikari ikasketak, eta baita beste 17 emakumek Albaitaritzakoak ere.

Era berean, 2011. urtean 100 emakumetik gora ari dira beren ikasketak lehen mailan, bigarren mailan, ikasketa teknikoetan, medikuntzan, albaitaritzan nahiz psikologian burutzen. «Honek guztiak emakume bakoitzaren autoestimua handitzen laguntzen» dietela nabarmendu dute antolatzaileek, eta halaber «beren familia nahiz komunitateei babesa emateko laguntza jasoko dute emakume hauek».

Herritarrak ezinbesteko

Merkatu Txikia datorren asteartean hasiko da, hilaren 22an, eta igandera bitarte iraungo du. Goizez 10:00etatik 13:00etara izango da zabalik, eta arratsaldez berriz, 17:00etatik 20:00etara, eta urteroko moduan, Kultur Etxeko behereko solairuan izango da.Amarozko Auzo Elkarteko antolatzaileek herritarrei laguntza eskatu nahi diete, eta merkatu txikira hurbiltzeko gonbita luzatu ere bai. Aurten, gainera, aipaturiko emakumeen zentroko arduradun baten bisita jasoko dugu gurean, eta merkatura bertaratzen direnek aukera izango dute Nikaraguan bertan abian den prozesuari buruz nahiz egiten ari diren lanaren inguruan informazio zehatzagoa eskuratzeko. Bestalde, zuzenean diru laguntza eman nahi duen orok Kutxako kontu hau izango du irekita: 2101 0081 15 0124410788.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!