Auzotarren ezina eta etsipena

tolosa 2011ko otsailaren 15a

Tolosako Ugane eta Aldaba auzora joateko bi aldiz pentsatu behar da. AHTren obrak egiten ari dira bertan eta makineria zein kamioi handiak noiznahi topatu daitezke aurrez aurre. Horrez gain, obrek errepideak zikintzen dituzte, ez denean errepide bera apurtzen, eta autoz dabilenak eraginak jasaten ditu.

Auzo horietan bizi direnak, baina, ez dute errepide horiek erabili beste erremediorik. Eta sentitzen duten ezina eta etsipena handia da. Auzotarrek Intxur elkartea eratu dute orain gutxi eta obren inguruko gaiaz arduratzen denetako bat da Uganen bizi den Patxi Urretabizkaia. «Haserrea, amorrua, nazka, beldurra, lotsagarria,...», erabiltzen ditu egoera nola bizitzen ari diren deskribatzeko.

Obrak orain urtebete hasi ziren. «Errepidea guztiz hondatuta uzten ari dira», dio Urretabizkaiak.  «Obrak bukatzen direnean espero dugu konponduta utziko dutela. Udala gainean dago, baina bitartean...».  Lanak aldrebres egiten ari direla gaineratzen du: «Ez dudana ulertzen da nola hasi daitekeen horrelako obra bat egiten bidea egokitu gabe».

Errepidea askotan oso zikinduta dagoela azaltzen dute auzotarrek eta ez dutela behar bezainbeste garbitzen. «Denbora batez oinez ezin zela zeharkatu egon gara. Lurrarekin eta harriekin horrelako salda moduko bat sortzen zen errepidean. Autoek Paris-Dakar egiten ari zela zirudien».

Horrez gain, obretan ari diren langileen jarrera salatu dute. «Ematen du gu garela kanpokoak eta beraiek bertakoak. Askotan sutan jartzen zara. Enbarazu egingo bagenu bezala begiratzen digute», dio uganetarrak. «Bat edo beste badaude jatorrak, baina beste batzuk nazkagarri hutsak dira». Autoak gurutzatzeko leku gutxi dago errepidean eta askotan langileek beraien autoekin edo kamioiekin ez dutela errespetatzen diote. «Aurrera egiten dute eta kito. Jende bat beldurtuta egoten da», gaineratu du. Aldabarako bidean zabalguneak egin dituztela dio, baina han ere langileek erakusten duten errespetu faltaz kexu direla argitu du .

Azkenaldian tunelak egiteko eztandak egiten ari dira. «Ez digute horren berri eman eta goizeko hiruetan ere egiten dituzte». Baserrietako kristalak mugitzen direla esaten dute eta pitzadurak azalduko ote diren kezkatuta daude. Ikaztegietan ere bertako bizilagunek eztandak nabaritzen dituzte.

«Nahi dutena egiten dute»

Urretabizkaiak obretako enpresek duten jarrera salatzen du: «Nahi dutena egiten dute, hori eta gehiago». Aldaba errekaren gaineko zubia jartzen du adibide bezala. «Bazekiten zubiak ez zuela makinerien pisua eutsiko. Bazekiten zubia konpontzea eskatuz gero, sei hilabete inguru itxoinaraziko zietela. Orduan hasi ziren  makinaria handiarekin pasatzen eta nahita puskatu zuten. Atzekoz aurrera egiten dute dena».

Beste salaketa bat errepidera eroritako harriak dira. Kamioiak gehiegi zamatzen direla eta gero harriak erortzen direla diote. «Hiru mila kiloko inguruko harri bat erori zitzaien», dio auzotarrak. «Parean harrapatu zituen zuhaitz txiki guztiak eraman zituen. Gauean gertatu zen eta goizerako kendu zuten. Baina norbait pasatzen ari bazen une horretan?».

Harri borobilak 50 eta 100 kilo ingurukoak errepidera asko erori direla dio Urretabizkaiak. «Hori nik  egiten dut eta kartzelara eramaten naute. Hauek dena libre dute». Gogora ekartzen du ere auzotar bati  harri bat auto azpian gelditu zitzaiola.

Tolosako Udalak erakusten duen jarrerari dagokionez, Urretabizkaiak dioenez, «ematen du nahiko jarraitzen duela obra, baina kasu handirik ere ez diete egiten beraiei. Udalak nahi baldin badu indarra du. Baina ez dute nahi sartu gehiegi ere. Guri ondo hitz egiten digute eta haiei ere bai». Uganetarrak gaineratu duenez, «ez da erraza horrelako obra egitea, baina lanean ari direnek auzokoengana errespetua izateko eskatzen diegu».

«Aurreikuspen lanik ez»

Olatz Peon Auzoetako eta Landa Eremuetako zinegotziak azaldu duenez, «guri tokatzen zaiguna da herri bideetan ikuskapen lanak egitea. Bideak erabilgarri eta garbiak egon behar dira. Udalari tokatzen zaio gainean egotea eta saiatzen garena da bizilagunen bizi kalitatea ez jaistea».

Enpresek erakusten duten jarrerari buruz galdetzean, «ni epaiketa egiteko ez dakit egokiena izango nintzakeen», azaldu du Peonek. «Sekulako obra da eta gure auzoetako errepideak ez daude horretarako prestatuak. Aurreikuspen lana faltan botatzen da eta horregatik azaldu dira arazoak. Zubi bat botatzen bada berria egiten dute, baina hori botatzerakoan bizilagunek sentitzen duten amorrazioa ez zaie kentzen».

Auzoetara joan denean, udaltzaingoarekin batera joaten dela dio zinegotziak, ikusten dutenaren akta jasotzeko eta argazkiak egiteko.

Auzotarrek bere bizi kalitatea ez jaisteko «eskubidea» dutela dio. «Udala oso-oso gainean egon da bizilagunen kexei erantzuteko», dio. Errepidea mozten dutenean ez dutela abisatzen eta udalari enpresakoei abisua ematea tokatzen zaiola esaten du.

Errepidearen egoerari dagokionez, hiru udalen artean egindako txostena aipatzen du.

Errepidearen lehenengo zatia Ikaztegietakoa da, bigarrena Legorretakoa eta hirugarrena Tolosakoa. «Errepidearen  egoerari buruz txostena aurkeztu genion obretako arduradunei, lanak bukatzerakoan gutxieneko konponketa zein izan behar diren zehaztuz. Txosten hori onartu egin zuten», azaltzen du Peonek. «Astero eta ia egunero pixka bat gainean ibiltzen da udala». Aldabako errepidea Foru Aldundiarena dela zehaztu du zinegotziak, «baina guk ere auzokoen kexak jasotzen ditugu eta gero parte ematen diogu Foru Aldundiari».

Hemendik pixka batera Tolosa eta Hernialde bitarteko tartearen obrak hasiko direla azaltzen du Peonek eta horrek Urkizu eta Montezku auzoei eragingo diela. «Udalak eskatu du obren plana, jakiteko nola eragingo duten errepideetan lanek. Hori oraindik ez digute ekarri. Ekartzen dutenean bizilagunekin egongo gara azalpenak emateko».

Aurreko bilera batean, zinegotziak Urkizukoei eta Montezkukoei badaezpada aurreratu zien lanak hasi aurretik «haserretu egin behar dela». Jendeak «bizi kalitatea mantentzeko eskubidea» duela gaineratu du zinegotziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!