Zenzen-plazarako sarrerak salgai izango dira hilaren 28tik aurrera

tolosa 2011ko otsailaren 15a

Aurtengo inauterietarako bi aste eskas geratzen direla, herria prestakizunetan murgilduta dabil. Horrela, aurtengo zezenetarako sarrerak erosteko egunak ere finkatu ditu jada udalak. Aurten, iazko moduan, Ostegun Gizenean ere zenzen-plazarako sarrera ordaindu egin beharko da, Zaldunita, Astelenita eta Asteartitan bezalaxe. Lau egun hauek izaten dira jendetsuenak zezen-plazan, eta ikusleen segurtasuna ahalik eta gehien bermatze aldera hartu zuen udalak Ostegun Gizenean sarrera kobratzeko erabakia ; aforoa kontrolpean mantentzeko modu egokiena dela diote.

Prezioei dagokienez ez da aldaketarik izango aurreko inauterietatik hona, eta 16 urtetik beherakoek tendidorako euro 1 ordaindu beharko dute. Hamasei urtetik gorakoek, berriz, 2 euroko salneurrian izango dituzte sarrerak. Harmailarako eta palkorako sarrerek 2 eta 2,5 euroko prezioa izango dute, hurrenez hurren.

Sarrerak zezen-plazako lehiatilan bertan izango dira eskuragarri ikuskizun egunetan, 11:00etatik 13.00etara eta 15:30etik aurrera. Hala ere, izango da aurrez erosteko aukerarik ere, Leidor aretoko lehiatilan otsailaren 28an, martxoaren 1ean eta martxoaren 2an, 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara bitartean. Aipatzekoa da, sarreren %10a ikuskizun egunetarako gordeko dela. Bestalde, Ostiral Meheko nahiz Asteartita goizeko zezen-plazarako sarbidea doakoa izango da.

Zozketa palkoetarako

Aurten lehenengoz, palkoetarako sarrerak zozketatu egingo dituzte, eta parte hartzeko izena eman beharko da Kultur Etxean otsailaren 21etik 24ra.

Zozketa hilaren 25ean burutuko da Kultur Etxeko lehenengo solairuan, arratsaldeko 19:00etan. Pertsona bakoitzak palko bakarra hartu ahal izango du egun bakoitzeko, zozketaren ondoren 30 euro ordainduta, bakoitzean 12 pertsonentzako lekua baitago. Saltzen ez diren palkoetarako sarrerak, lehiatilan jarriko dituzte erosgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!