Iraupen eskiko Pirinioetako proba ospetsuena da Beret-ekoa eta Joseba eta Imanol Rojo tolosarrek bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzte hurrenez hurren. Josebak oso gertu izan zuen garaipena, irabazlearengandik, Vicenç Vilarrubla, bi segundora sartu baitzen helmugan. Vilarrublak 42 kilometroko ibilbidea egiteko 1:38:17ko denbora behar izan zuen. Josebak, beraz, 1:38:19 egin zuen eta Imanolek 1:41:32. Laura Orgue izan zen irabazlea emakumezkoetan 1:58:03ko denbora eginez.
Guztira 1.258 eskiatzailek parte hartu dute proba horretan. Eguraldi ona izan dute eta antolatzaileak gustura azaldu dira parte-hartzearekin. Hain justu, parte-hartzaileek orokorrean oso dibertigarria izan dela azaldu dute. Gogorra izan dela ere gaineratu dute, Beret-eko zonalde lauetan egin baita proba eta horrek eskiatzaileei besoak asko erabiltzera behartu die.
Proba oso herrikoia da eta puntako eskiatzaileez gain, famili giroan eta lagunartean parte hartu dute askok, horietako batzuk mozorrotuta. Adinaren aldetik parte-hartzea ere oso zabala izan da eta sei urtetik 80 urte bitarteko eskiatzaileak izan dira.