Laskorainek Ceramicas Nogales mendean hartu du

tolosa 2011ko otsailaren 7a

Astebeteko geldialdiaren ondoren, garaipen berri batekin berrekin dio Laskorainek txapelketari Zarautzeko Ceramicas Nogales aspaldiko ezagunaren aurka eta beste jardunaldi batez bigarren postuari eutsiko dio sailkapenean.

Ordutegiekin izandako zenbait gorabehera direla eta, 30 minutuko atzerapenarekin eman zitzaion hasiera norgehiagokari joan den larunbatean baina kontuak-kontu eta azkenean epaile bakarrarekin jokatu behar izan bazen ere, istilu eta aitzakiarik gabeko garaipen berri bat poltsikoratu du taldeak bere estatistiken taularako.

Lehen zatia nabarmenki horitxoek ezarritako legearen arabera jokatu zen, isilunean baina larregi sufritu barik aurreratu ziren etxekoak, Joniko eta Bellosoren bitartez 2-0eko abantaila motza eskuratuaz. Beste aparteko gertaldirik gabe erretiratu ziren aldageletara bi taldeak baina erabateko lasaitasunaren helburua urrun zegoen oraindik.

Bi goletako errenta huskeria izan ohi da beti areto futbolean eta teoria zahar honen edukiaren jakitun, bigarren erdian kanpotarrek beste martxa bat sartzeko erabakia hartu zuten. Horitxoen minuturik zailenak 2-1eko golarekin iritsi ziren baina Aratz atezainak egindako geldituek kezka larriagoak ekiditea lortu zuten. Jonikok berriro areagotu zuen aldea 3-1eko gol lasaigarriarekin eta 7 segundoren faltan Saldiasek itxiera eman zion azken emaitzari.

Atezainaren lan bikaina

Akatsa litzateke Aratz atezainak egindako lan bikaina goraipatu gabe uztea, Endikaren baja garrantzitsua betetzeaz gain, bere taldearen salbatzaile bezala agertu eta neurketaren une erabakigarrienetan maila erraldoia erakutsi baitzuen. Hasi berri duen hegaldiari etorkizun itxaropentsua iragartzen zaio eta heldutasunez lanean jarraitzen badu, Laskorainen proiektuaren zutabe garrantzitsu batean bilakatuko da.

Datorren astean berriro etxean jokatuko dute ikastolakoek La Bellota taldearen aurka. Sailkapeneko postu arriskutsuetan murgildutako taldea izaki, beste oztopo zail bat izango da ezbairik gabe tolosarren bidean. Larunbatean Usabalen Javi delegatua, Javi entrenatzailea, Aratz, Barriola, Telleria, Gil, Saldias, Belloso, Joniko, Ekhi eta Elola izan ziren garaipenaren protagonistak.

Harrobiari dagokionez, Aitorrek zuzenduriko bigaren taldeak 2-5 galdu zuen etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!